Astekaria

"Zozketa San Martin eguneko ohitura bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko azaroaren 11

Ana Maria Antolin Irurtzungo jubilatuen elkarteko presidentea, elkartean.

Azaroaren 11n San Martin eguna da, eta Irurtzunen sainduaren eguna ospatuko dute. Jubilatuen elkartean herri bazkaria antolatzen dute, Ana Mari Antolin Cuadrado presidenteak azaldu duen bezala.

 Bi txerrikumeen zozketaren ohitura mantendu dute.

1. Nondik dator San Martin eguneko ohitura? 
Garai batean San Martin eguna jai eguna zen. Andiako pisuetako bajeretan auzolagunak biltzeko txoko bat egin zuten, eta haiek hasi ziren San Martin festa antolatzen. 50 urte baino gehiagoko kontuez ari naiz. Hamaiketakoa prestatzen zuten eta herritar guztiak gonbidatzen zituzten. Gastuei aurre egiteko bi txerrikume zozketatzen zituzten. Ez dakit bizirik zeuden, Josefak, bertan aritzen zen emakume batek, ezin izan dit konfirmatu. Ohitura hori geratu da; oraindik egiten dugu. 

2. Zertan datza zozketa? 
Hiru urte daramatzagu zozketa antolatzen. Duela lau urte sartu ginen juntan, eta lehenengo urtean hasiberriak ginenez, ez zigun tarterik eman eta jendeak eskatzen zuen: ohitura bat da, eta ez galtzeko zozketa egiten hasi ginen. Papeletak euro batean saltzen ditugu, eta zenbait bazkidek oso erraz saltzen dituzte! Tabernan ere izaten dira salgai. Bazkariaren ondoren, bi txerrikumeak zozketatzen dira. 

3. Bazkaria elkarteak antolatzen du? 
Bai, baina irekia da.  

4. Urteko bazkari bakarra da? 
Lau bazkari antolatzen ditugu: inauteri egunekoa, Maiatzaren 1ean Bazkidearen eguna, uztaileko festetakoa eta San Martin egunekoa. Maiatzaren 1ekoan ezkondutako bikoteen 50 urteurrena ospatzen zutenei omenaldia egiten zitzaien, baina pandemiaren ondoren galdu zen, eta sartu ginenean erabaki genuen adinekoei egitea. Palentziako herri batekoa naiz eta bertako elkarteak egiten zuen. 

5. Zenbat jende biltzen zarete? 
Bazkidearen egunean aurten 90 bat lagun bildu gara; jendetsuena da. Inauterietan 60 bat eta festetan 50 inguru. San Martin egunerako aurreko egunean zerrenda ikusten egon nintzen eta momentuz 40k eman dute izena. Jendea azken unean apuntatzen da. Ez denez jai eguna zaila da. 

6. Bazkaldu, eta gero zer? 
Aurretik meza dago, eta 14:00ak aldera bazkaria da. Bazkaldu ondoren txerrikumeen zozketa egiten da, eta ondoren dantzaldia. Andoni etortzen da, hemengo musikari bat da eta oso animatua da. 

7. Nork egiten du bazkaria? 
Sarayolatik ekartzen dugu. Aurretik ere horrela egiten zuten. Saiatu ginen urte batean aldatzen, baina oso modernoa zen. Ongi jatea gustatzen zaie, eta menua betikoa da. Egiten duguna da azken momentuan edozein arrazoi dela eta ezin bada norbait etorri, tuper batean eramaten du. 

8. Zer dantzatzen duzue? 
Gehienbat rantxerak, pasodobleak, gaur egungo musika ere jartzen du... Andoni denetarik jartzen saiatzen da. Dantzaldian ere aldatzen joan gara: akordeoilaria ekarri genuen, Irurtzungo taldetxo bat, mexikarrak... 

9. Nola antolatzen da elkartea? 
Juntan sei pertsona gaude, eta lau urtetik behin junta aldatu behar da. Martxoan lau urte egingo ditugu, eta seguruenik ez da inor aurkeztuko. Gu zozketa bidez atera ginen. Lana geroz eta zailagoa da Nafarroako Gobernutik dirulaguntzak ematen dituztelako, baina horiek kudeatu behar dira. Dirulaguntzarik gabe ezingo genuke aurrera egin. Lokala udalarena da, eta guk taberna hartzen duenari ordaintzen diogu. Taberna publikoari zabaltzea erabaki zen, baina kexak daude. Konponbide bat bilatzen ari gara. Orain arte kuota urtean 20 eurokoa zen eta 25era igoko dugu. 210 bazkide gara, gutxi gora behera. Borondate onenarekin egiten dugu dena, eta atsegingarria ere bada. Estatutuak 2007an aldatu zituzten, baina lehenengoak 1980ko hamarkadakoak dira. 

10.  Zer egiten duzue? 
Gauza asko antolatzen ditugu: ikastaroak, orain Josurekin memoria ikastaroak egiten ari gara; asteartean eta ostegunean josketa egiteko biltzen dira. Urte asko daramatzate eta oso polita da. Duela gutxi mobilaren erabilpenaren ikastaro bat egin genuen Nafarroako Gobernutik zetorrena; hitzaldiak ere izan ditugu; Lorena Arangoarekin antzerkia... Duela zenbait urte, abenduan, Tortilla eguna egiten dugu. Arrotxapeako errondalla bat etortzen da. Oso ongi pasatzen dute. Dantza ikastaroren bat jarri nahi dugu orain. 

11.  Dagoeneko ez da jai eguna... 
San Martin herriko saindua da, eta festa zen. Trinitate festak ere ospatzen ziren, baina jendeak lan egiten zuenez, herriko festak uztailera aldatu zituzten.