Osasuna Magna Xotak Murtziako bidea hartu zuen azaroaren 7an Jimbee Cartagenaren kontra jokatzeko. Talde irurtzundarrak behetik gora egin zuen partida oso lehiatuan. 5. minutuan Cartagena aurreratu zen, baina Xotak ez zuen behera egin eta berehala gol aukerak sortzen hasi zen. Horrela, 9. minutuan Linharesek bana berdindu zuen. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen eta bi taldeek aukera ederrak izan zituzten, baina ez zuten asmatu eta berdinketarekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian Cartagenak arrisku handia sortu zuen Asier Llamasen atean. Bitartean, Osasuna Magna Xotak bertikalean jokatu zuen. 28. minutuan Mottak Cartagena aurreratu zuen, 2-1.Talde berdeak lanean jarraitu zuen, kontrako atean arriskua sortuz, baina baloiak ez zuen sartu nahi: Dani Saldiseren jaurtiketak zurtoinean jo zuen eta gainontzeko jokaldiak ez ziren onera iritsi. 33. minutuan Ion Cerviñori penaltia egin zioten, baina Cartagenaren Chemi atezainak Saldiseren jaurtiketa ongi irakurri, eta geldialdi bikaina egin zuen. Chemu izan zen partidako onena, zalantzarik gabe. Miguel Hernandezek atezain-jokalariaren formula erabili zuen eta talde berdeak ekinean jarraitu zuen eta Pachuk bina berdintzea lortu zuen 38. minutuan. Tamalez, azken minutuan Cartagenak hirugarren gola sartu zuen, eta nahiz eta azken segundoetan berdinketa lortzeko modu guztietara saiatu, 3-2 galdu zuen Xotak. Pena, talde berdeak oso ongi jokatu zuelako.
“Partida ona egin dugu, xehetasunengatik ihes egin digu partidak” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Taldeak egindako lana oso positiboki baloratu zuen teknikariak, baina 3-2 galdu izanaren pena zuen. “Gauza on asko egin ditugu, horiekin geratu beharra dugu, eta akatsetatik ikasi” gaineratu zuen.
Santa Coloma, Anaitasunan
El Pozo Murcia da lehen mailako liderra, jokatutako bederatzi jardunaldietatik zortzi irabazita (24 puntu). Osasuna Magna Xota hamaikagarren postura jaitsi da (11 puntu). Hamargarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma hartuko du azaroaren 15ean, larunbata, 19:30ean Anaitasunan. Industrias Santa Coloma hamalaugarren postuan dago (8 puntu) eta talde irurtzundarraren arerio zuzena da.