Areto futbola

Xotaren gol festa, Arbizuren berdinketa eta Altsasuren ezina

Guaixe 2025eko azaroaren 12a

Erriberrin garaipena lortu zuen Xota autonomikoa. XOTA

Gizonen lehen maila autonomikoak lau puntu utzi ditu Sakanan

Gizonen lehen maila autonomikoan zazpigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol Taldeak Ibararte izan zuen aurkari Zubirin. Bi taldeek norgehiagoka oso estua jokatu zuten eta parez-pare aritu ziren. Liderra 2-0 aurreratu zen baina bina berdindu zuen Arbizuk, Julen Luisek sartutako bi golei esker. Atzera ere liderra aurreratu zen, baina Julen Luisek, berriz, hiruna berdindu zuen. Partidaren azken txanpan 4-3 jarri zen aurretik liderra, baina partida bukatzear zela launa berdindu zuen Julen Mayok eta Arbizuk puntu oso baliotsua ekarri zuen Zubiritik. 

Xotak Erriberrin jokatu zuen eta hiru puntu gozo lortu zituen, Oliteri 2-10 irabazi eta gero. Berdeak izan ziren nagusi, hasieratik. Oinat Glaria (2), Andres Felipe Cadena (4), Julen Garcia eta Imad El Ougdi (3) izan ziren golegileak. 

Altsasuk Iruñean jokatu zuen, Anaitasunaren kontra. Hasieran nor baino nor aritu ziren bi taldeak. Anaitasuna bitan aurreratu zen, baina Eneko Iraurgik bitan berdintzea lortu zuen. Azken txanpan, baina, hiru gol sartu zituen Anaitasunak eta 5-2 gailendu zen. 

Gazte Berriak da liderra (21 puntu), Ibararteren aurretik (19 puntu). Arbizu hirugarren da (13 puntu) eta Xota laugarren (12 puntu). Zortzigarren jardunaldian Sakanako hiru taldeek etxean jokatuko dute. Arbizu Kirol Taldeak Gazte Berriak liderra hartuko du azaroaren 14an, 19:30ean Arbizun. Xotak seigarren eta arerio zuzena den Instalaciones Los Sauces du aurkari azaroaren 15ean, 17:30ean, Atakondoan. Altsasuk azaroaren 16an, 11:00etan, bigarren den Ibararte hartuko du Zelandin.