Areto futbola

Arriskuen kalte ordaina

Guaixe 2025eko azaroaren 17a

Azken unean ihes egin zuten puntuek Anaitasunatik. XOTA

Atezain-jokalari taktikak Osasuna Magna Xota kaltetu zuen eta hiru puntuek ihes egin zuten Anaitasunatik

Lehen mailako ligaren hamargarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma hartu zuen Anaitasunen. Bi taldeak nor baino nor jokatu zuten hasieratik eta partida bizia izan zen, alternantziaz betetakoa. Bi taldeek jokaldi ederrak sortu zituzten, baina markagailua ez zen mugitzen, atsedenaldirako 5 minuturen faltan Korsunen jaurtiketak Osasuna Magna Xota aurreratu arte. Korsunek bigarrena sartzeko aukera izan zuen, baina atsedenaldirako txirrina jotzear zela Industrias Santa Colomak bana berdintzea lortu zuen. 

Bigarren zatian berdeak gogotsu atera ziren. Juampik eta Saldisek aukerak izan zituzten, baina baloia ez zen sartu. Santa Colomakoak ere ez ziren fin ibili. Intentsitate handia zuen partidak. Bigarren zatiko erdialdean Tolrák talde kataluniarra aurreratu zuen, baina segundo batzuetara Korsunek bina berdintzea lortu zuen. Partidak zabalik jarraitzen duen. Dani Saldisek Pachuren jokaldia aprobetxatu zuen eta 3-2 aurreratu zen talde irurtzundarra, baina pozak gutxi iraun zuen, hiruna berdindu baitzuen Santa Colomak. 

Azken 3 minututan Miguel Hernandezek Korsun atezain-jokalari jarri zuen garaipenaren bila dena emateko, baina jokaldia gaizki atera zitzaion talde berdeari, hartutako arriskua kontra bilakatu baitzitzaion Osasuna Magna Xotari: Santa Colomak talde irurtzundarraren bizkarra gainditu eta laugarren gola sartu zuen, azken segundoetan 3-4 aurreratuta. Eta horrela despeditu zen partida, 3 puntuak Anaitasunatik Kataluniara bidean zindoazela. 

Miguel Hernandez entrenatzaileak taldeak izandako ordena faltan eta presan jarri zuen fokua. “Lehen zati ona egin dugu, baina bigarrenean presaka aritu gara, ez dugu ordenatuta jokatu, eta antsietateak kaltetu gaitu. Beraiek egoera aprobetxatu dute,  eta gaur ez da atezain-jokalari figuraren eguna izan. Errekuperatu beharra dugu, ikasi eta hobetu, bereziki ordenarena”. 

Hurrena, Manzanares
El Pozo Murciak jarraitzen du lider (27 puntu), Jimbee Cartagenaren aurretik (21 puntu). Osasuna Magna Xota hamaikagarren da (10 puntu). Azaroaren 22an talde berdeak sailkapenean laugarren den Quesos El Hidalgo Manzanares du aurkari Madrilen, 18:30ean (LaLiga, CMM TV).  

Azaroaren 19an, Kopako partida
Osasuna Magna Xotak Melistar FS izango du aurkari azaroaren 19an Errege Kopako laugarren kanporaketan. Partida Melillan jokatuko da, 21:00etan.