Osasuna Magna Xotak sastada gogorra jaso zuen azaroaren 19an, Errege Kopatik geratu baitzen bigarren mailako Melistarren kontra Melillan 4-2 galdu eta gero. Melillako taldeak hasieratik estutu zuen talde irurtzundarra; atsedenaldira 2-0ko aldearekin joan zen, bigarren zatian 3-1 jarri zen aurretik, eta, azkenean, 4-2 gailendu zen. Kolpe oso gogorra izan zen Miguel Hernandezen taldearendako.
Melillatik bueltan Ciudad Realen egin zuen geldialdia talde irurtzundarrak, ligako hamaikagarren jardunaldian Quesos El Hidalgo Manzanares baitzuen arerio. Kopatik kanpo geratu izanagatik Xota minduta iritsi zen partidara, buelta eman eta partida ona egiteko asmoz. Horrela, ongi hasi zen taldea, eta hasierako txanpan hobea izan zen, jokaldirik onenak bereak izan ziren. 5. minutuan iritsi zen polemika, Jhonatan Linharesi penalti argia egin ziotelako, baina arbitroek falta areatik kanpo gertatu zela seinalatu zuten eta hala mantendu zuten VAR-a kontsultatu ondoren, guztien harridurarako. Handik gutxira Pachuk talde irurtzundarra aurreratu zuen, baina Manzanaresek ongi erantzun zuen eta bana berdindu zuen berehala.
Bigarren zatian partidak emozio berberarekin jarraitu zuen, bi taldeak oso fin ibili baitziren. Korsunek bigarren aldiz aurreratu zuen Xota, 1-2, Manzanaresen atezainak Dani Saldiseren jaurtiketa aldaratu eta gero. Pozak gutxi iraun zuen, hurrengo jokaldian arbitroek Xotaren kontrako penaltia seinaleztatu zutelako beste jokaldi polemikoan. Bina berdindu zuen Manzanaresek, eta nahiz eta azken minutuetan saiatu, markagailua ez zen gehiago mugitu.
Manzanaresen kontrako puntuak balio handia izan zuen talde nafarrarendako, Melillako kolpearen ondotik taldea altxatu delako. “Aste zail baten ondoren taldeak bere jarrera berreskuratu du eta mugikortasunarekin bertikalak izateko jokamoldea” nabarmendu du Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Hurrena, Movistar Inter
El Pozo Murciak jarraitzen du lehen mailako lider (28 puntu), Barça 5 puntutara duela (25 puntu). Osasuna Magna Xota hamabigarren da (12 puntu). Azaroaren 28an, ostirala, Xotak sailkapenean zortzigarren den Movistar Inter hartuko du Anaitasunan, 20:00etan (LaLiga+).