Katxiporretako pailazoekin zerua begiratzeko hausnarketa

Guaixe 2025eko azaroaren 28a

Pailazoak eta Virginia Garzia 'Zerua lapurtu dute' ipuinarekin. ARANZADI

Abenduaren 3an, asteazkena, 'Zerua lapurtu dute' ikuskizuna eginen dute, Irurtzungo kiroldegian. 

Abenduaren 3an Euskararen eguna da, baita Nafarroaren eguna ere, eta Irurtzunen egun berezia da Aizpea Euskara Taldearen eskutik urtero Katxiporretako pailazoak izaten direlako herrian. Aurten, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Zerua lapurtu dute ikuskizunaren emanaldia eginen dute, 17:30ean, herriko kiroldegian. Jose Mari Agirretxe Porrotx-ek GUAIXE IRRATIAk, Karrape eta Aralar irratiekin batera egiten duten Solasaldian parte hartu zuen, eta emanaldiaren nondik norakoak azaldu zituen. Oraingoan pailazoak zeruari begira jarri dira, argi kutsadurarekin kezkatuta. 

Ideia Virginia Garcia Pena Aranzaki Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kidearena izan zen: "Gurekin harremanetan jarri zen argi kutsadurarekin arduratuta. Gu izan gara herri bat, eta gu bezala mundu osoa, naturari begira bizi izan garenak, baita zeruari begira ere". Baserritarrek ilargia begiratzen dute noiz landatu eta noiz erein jakiteko, bidaiariak ere izarren eta eguzkiaren bidez kokatzen ziren... "Eta azken hamarkadetan, azken urteetan, naturari bizkarra emanda bizi gara, eta horrek kaltea sortzen du naturan". Zerua lapurtu dute ipuin ilustratua atera zuten hasieran, hausnarketarako saiakera bat da, "zeruak dituen altxorrak eta bitxikeriak deskubrituko ditugu". Ipuinarekin abestiak eta karta joko bat kaleratu zuten ere. 

Naturarekiko etena "orohar" izan dela gaineratu du Agirretxek: "Ez bakarrik haurrak; guk geuk ere. Gure kultura naturatik dago eratorria: Santa Ageda, inauteriak, solstizioa, orentzaro... Orain argiz inguratuta bizi gara".