Kickboxing-a

Mohammed Hamdi, munduko txapeldunordea

Guaixe 2025eko abenduaren 8a

Mohammed Hamdi, ezkerrean, zilarrezko dominarekin. FEK-M

Borrokalari irurtzundarra Kroaziako Ivan Bertic-en kontra erori zen, pisu astunetako final handian

Azaroaren 21etik 30era arte WAKO World Championship jokatu zen Abu Dhabin, Munduko Kickboxing Txapelketa. Mohammed Hamdi irurtzundarra Espainiako selekzioak hautatuta lehiatu zen, KL (Kick Ligth) -91 kg mailan, pisu astunetan. Borrokalaria ikusgarri aritu zen, Damjan Stanisic (Bosnia-Herzegovina), Jakub Bakes (Txekiar Errepublika) eta Dodiye Cisse (Frantzia) garaituta eta konbate guztiak irabazita iritsi baitzen finalera. Final handian Ivan Bertic (Kroazia) izan zuen aurkari, baina kasu honetan Hamdik ezin izan zuen garaipena lortu. Hala ere, meritu handia du Hamdik, munduko txapeldunordea baita pisu astunetan. 

“Bigarren postua, zapore gutxi duena, galtzea ez baita gustukoa, baina prozesuaren zatia da. Txapelketako bost egunetan lau borrokaldi, pisuan egon, egokitu, lesioak, oinazeak... Gogorra da, baina polita. Dominaz gain, talde gisa eraiki dugunarekin geratzen naiz. Ez dut soilik lehiatzen, nire taldea ordezkatzen dut, nigan konfiantza dutenei eta atzetik datozenei. Eskerrik asko ringean eta ringetik kanpo alboan izan ditudanei. Zilarrak bide onean gaudela erakusten dit, eta oraindik konkistatzeko asko dagoela. Gosearekin, diziplinarekin eta helburuarekin jarraitzen dugu” azaldu du Hamdik sare sozialetan.