Aski ezagunak dira Iskidiren mitologia pertsonaiak: basajaun, basandere, akerbeltz, herensugea, tartalo, galtzagorriak, Mari, Mikelats, jentilak, artaldea, artzaina eta gizotxo. Taldera bi kide berri batu dira.
Taldea handitu egin da!
Zezengorri eta Txolo panpina berriekin, bai.
Zein da Txolo?
Eskolan lau urte zituzten (egun bost) talde batekin lanean nengoen. Eta pertsonaia berri bat azaldu zen. Umeek argi zuten hiru begitakoa eta maitekorra izan behar zuela. Hainbat ezaugarri eman zituzten. Nahi gabe horri bueltak ematen hasi ginen. Umeek ideia marraztu ere egin zuten, irudi oso politak ziren, ideia argi baitzeukaten. Iritsi zen eguna zeinetan maiz agertzen zen haien ahotan Txolo. Haiek hiru begiko mitologia pertsonaia nahi zutenez, Txape Iriarte Ollo taldekidearengana bideratu nituen. Hura ere liatu zen. Panpina berrien inguruan pentsatzen hasi zen.

Zein pauso eman zenituzten?
Txoloren pertsonaia borobiltzeko zezengorri agertu zen. Haurren irudietan oinarrituta Muxu estudioko Xabier Unanuak Txolori forma eman zion. Eta horrekin guztiarekin Haritza Bergararengana joan zen Iriarte. Hark osatu zuen istorioa. Urretxun Mikel Ibarzabalek egin ditu panpinak.
Zein da bere kondaira?
Mariren koba ingurua babesten duena zezengorri da, edonori pasatzen uzten ez diona. Sakanan lehorte handi bat izan zen eta baserritarrak kezkati zeuden, urduri, borrokan ere. Halako batean, Txolo, Irurtzun inguruko gazte batek Marirengana joatea erabakitzen du. Eta kobara iritsi aurretik zezengorrirekin topo eginen du. Hark sumatzen du Txolo bihotz onekoa dela eta eskean doala, eta Marirengana eramanen du. Kezkaren berri izanda, jainkosak bi gauza eskaintzen dizkio: lehorteari aurre egiteko mirakulua. Eta, garrantzitsua, zezengorriren boterea duen hirugarren begia eskaintzen dio: pertsonen barruan begiratu eta zentzu onez jokatzeko ahalmena. Marirekin egon ondoren, Txolo zezengorriren gainean jarri eta bueltan joan zen.

Bikotea osatzen dute?
Bai. Txolo zezengorriren gainean joan daiteke, baina oinez ere joan daitezke, nor bere alde. Jokoa ematen dute. Besteekin alderatuta, desberdina da. Oso panpina polita atera da. Jakina, Txolo haurren laguna da, bihotz onekoa. Ea zer ibilbide egiten digun.
Haurrek kondaira badakite?
Panpina ikusi dute. Apika, Txolorekin eskolara bisita egitea falta zaigu, istorioa kontatzeko eta umeen begietan zein dirdira egiten duen ikusteko .
Jendaurrean aurkeztuko dituzue?
Aurrerantzean ditugun hitzorduetan presente egonen dira. Mitologia pertsonaiek erakargarritasuna sortzen dute. Baina beraien beste balioa da panpina asko direla eta 30-40 panpina batera eta bestera ikustea bere xarma du.