Parte hartze aurrekontuetan lau aukera

Guaixe 2025eko abenduaren 15a

Irurtzundarrak plazan. ARTXIBOA

Botoa emateko hiru modu daude eta horien bidez ostegunera arte, abenduaren 18ra arte, eman daiteke botoa. Azken aukera abenduaren 20an izanen da, hautestontzia osasun etxeko arkupeetan egonen baita. 

Irurtzungo Udalak 2026ko 40.000 euro herritarrek erabakitzen duten proiektua gauzatzera bideratuko ditu. Orain arte parte hartze aurrekontuak udaberri partean bozkatzeko aukera izaten zuten irurtzundarrek. Berritasuna da urtea despeditu aurretik egin dezaketela gogoko proiektuaren alde. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, botoa emateko unea “aurreratu dugu udalaren kudeaketa errazteko. Horrela urte hasieran badakigu zein proiektu egin behar dugun. Bestela, urtea aurreratua joanda batzuetan egiteko denboraz oso larri ibiltzen ginen”. 

Lau aukera

Klima babeslekuak
Azken urteotako bero uholdeen eta etorkizunean sortu daitezkeen bero uholde berrien aurrean, klima babesguneak sortzea horiei aurre egiteko erantzunetako bat dela aurreikusten da. Toki, lokal eta aire zabaleko espazioetan, tenperatura altuengandik gehien kaltetutako pertsonek ingurumen baldintza atsegin eta osasungarriak izan ditzakete elementu isolatzaileei, landarediari, urari, aireztapenari … esker. Proiektu honek helburu bikoitza du: lehenik, datozen urteetarako aholkularitza egokiari jarraituz jarduera plan bat egitea eta, bigarrenik, 2026 urtean hainbat jarduera neurriri ekitea.

Kalistenia parkea 
Gorputzaren berezko pisua erabiliz muskulatura lantzeko espazio publikoa da. Indarra, oreka eta koordinazio ariketak egiteko (dominatuak, flexioak, eta abar) metalezko barrez osatutako parkea. Barrak segurtasunezko kautxuzko zoru nibelatu baten gainean jarriko dira, egonkortasuna eta drainatzea bermatzeko. Iturtxoko kaleko etxebizitzen parean dagoen zementuzko eremuan instalatuko dira.

Hilerrian hobekuntzak
Hilerriaren mantenu egokirako bost hobekuntza lan proposatu dira. Aurrena, bete gabeko nitxoak ixtea, espazio zikinak izan ez daitezen. Hurrena, igeltserotzako konponketak egitea izkina eta pasaguneetan, eta hainbat margoketa lan: nitxoen pareta, barruko baranda, sarrerako atea. Horietaz aparte, itxigune txiki bat eta aparailu jasotzailearen gelaren margoketa. Aldi berean, biltegiaren atea, leihoak eta hormetako gune hondatuak konpondu nahi dira, eta barrualdea behar bezala margotu eta garbiketa materiala uzteko apalategiak ipini, esaterako, erratzak eta biltzaileak. Azkenik, dauden bi ur hartuneak hobetu nahi dira. 

Katu kolonia kontrolatua
Irurtzunen, bat edo beharrezkoa izanez gero bi, katu kolonia kontrolatu sortzea katu populazioa kontrolatzeko. Horrek, katuen osasun eta elikadura kudeaketarako espazio bat sortzean datza. Kudeaketa kontrolatu hori pertsona boluntario eta prestatuek eginen lukete. 

Aurreikusitako metodologia da, aurrena katuak harrapatzea, esterilizatzea eta askatzea. Ondoren, koloniara buelta edota haren adopzioa egitea. Horrek, harrapatu eta esterilizatutako katu bakoitza ez erreproduzitzea ziurtatzen du, kontrolik gabe kolonia handitu ez dadin. Bestalde, araldiak, borrokak eta markaketak (paretetan, lorategi eta baratzetan) ezabatzea dakar. Horrela, auzo-gatazken kausa ohikoenetako bat konponduko litzateke

Aukera baten alde nola egin

Botoa emateko hiru modu izanen dira. Batetik, irurtzunpartehartu@gmail.com e-posta helbidera mezua bidalita. Botoarekin batera izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia eman beharko dira. Bestetik, udalaren Irurtzun aplikazioaren bidez. Eta, azkenik, udaletxean eman daiteke botoa, beti ere, nortasun agiria aurkeztuta. Abenduaren 18ra arteko epea dago botoa emateko hiru aukera horietako bat erabiltzeko. Atzeneko aukera abenduaren 20an, larunbatean, izanen da, hautestontziarekin osasun etxeko arkupeetan egonen baitira. 

Bestetik, boto paperak baliatu daitezke 2027rako proiektuak proposatzeko. Baita norberaren kalean edo auzoan dauden gabezia, hutsune edo arazo txikien berri emateko ere. 

Irurtzunen parte hartze aurrekontuen bidez egindako inbertsioak

Urtea | Lana | Kopurua
  • 2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu. 20.000
  • 2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu. 20.000
  • 2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu 20.500
  • 2014 Atakondoako aldagelak. 35.000
  • 2015 Karpa. 35.000
  • 2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea. 35.000
  • 2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea. 35.000
  • 2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea. 35.000
  • 2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea. 35.000
  • 2020 Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea. 35.000
  • 2021 COVID-19 pandemiagatik ez zen izan parte hartze aurrekonturik 0
  • 2022 Mendiko ibilbideak berritzea, Ur biltegian begiratokia jartzea eta Plazaolan atseden guneak jartzea 70.000*
  • 2023 Plazako frontoi atzeko jolas parkea estaltzea 35.000**
  • 2025 Igerilekuko terrazan eta tabernan hobekuntzak 40.000

*2021eko eta 2022ko diru kopuruak batuta. 
**2024an ez zen prozesurik egin. Urteko dirua jolas parkea estaltzeko erabili zen.