Areto futbola

Osasuna Magna Xota, saririk gabe

Guaixe 2025eko abenduaren 15a

Modu guztietara saiatu zen Osasuna Magna Xota, baina ezinezkoa izan zen. XOTA

Talde berdeak aukerak sartu zituen, baina ez zuen asmatu eta hiru puntuek Anaitasunatik ihes egin zuten. Hurrengo jardunaldiak derbia dakar, Tuteran

Osasuna Magna Xotak Jaen Paraíso Interior hartu zuen Anaitasunan. Zortzi jardunalditan garaipena ospatu gabe, garaipenaren xendara itzuli nahi zuen Xotak; Jaenek, aldiz, Kopa jokatu ahal izateko lehen zortzi postuetan sailkatzea. Jaen oso indartsu atera zen; lehen minutuan, Xotakoak ia konturatu gabe, gola sartu zuten, sailkapenean aurreratuz. Talde irurtzundarrak berehala eman nahi izan zion buelta. Hainbat gol aukera sortu zituzten, 15. minutuan Dani Saldisek berdindu arte. Aukera gehiago izan zituzten berdeek, baina Jaen izan zen asmatu zuena. Bigarren zatian talde berdeak dena eman zuen berdinketa lortzeko. Aukerak bata bestearen atzetik sortu ziren, eta Jaen deseroso aritu zen, baina markagailua ez zen mugitu eta 1-2 irabazi zuen Jaenek. 

Osasuna Magna Xotak esfortzu handia egin zuen, baina gol falta, horrek penatu zuen. Miguel Hernandez entrenatzaileak hori bera nabarmendu zuen. “Gol batekin oso zaila da partida batetan puntuatzea edo irabaztea. Gola falta izan zaigu. Saiakerak eta gol aukerak sortu ditugu, baina asmatzea falta zaigu. Taldeak %200 ematen du, baina gola falta da”. 

Derbiaren atarian
Lehen mailako hamalau jardunaldi jokatuta, El Pozo Murcia da liderra (35 puntu), Barçaren aurretik (32 puntu). Osasuna Magna Xota hamahirugarren da (13 puntu). Hamabosgarren jardunaldiak bi talde nafarren arteko derbia hartuko du. ATP Iluminacion Ribera Navarra baitu aurkari Osasuna Magna Xotak. Partida Tuteran jokatuko da, abenduaren 27an, 18:30ean (LaLiga+). Puntuen beharrean dauden bi taldeen arteko lehia izango da, Ribera Navarra okerrago baitago oraindik, hamabosgarren postuan, jaitsiera postuetan 6 punturekin. Beraz, derbia are estuagoa izango da oraindik.