Itzako haur eskolarekin hitzarmena berritu du Irurtzunek

Guaixe 2026ko urtarrilaren 14a

Haurrak eta gurasoak jolas parkean. ARTXIBOA

Hangoen baldintza beretan izena emateko aukera dute. 

Irurtzunen haur eskolarik ez dagoenez, Irurtzungo Udalak Itzakoarekin hitzarmena egin zuen 0 eta 3 urte bitarteko haurrak han matrikulatu ahal izateko. Hitzarmen horrek aukera ematen die Irurtzungo haurrei Itzakoen baldintza beretan izena ematea. Bada, hitzarmen hori berritu egin da. Horretaz aparte, Irurtzungo Udalak erabaki du musika eskolako itun kolektiboa berritzea, ondorioz, besteak beste, lanaldia Hezkuntzakoarekin parekatu du. Bi erabakiak aho batez hartu zituzten. 

Bestalde, udalak berak kobratzen dituen zergak bere horretan uztea erabaki du. Bi salbuespen daude, bi zerga eguneratu baititu. Batetik, bide publikoan dauden kutxazain automatikoengatik bankuek ordaintzen duten tasa. Eta, bestetik, hilerriko zerbitzuak. Enpresa batek egiten ditu lan horiek eta udalak ordaintzen duenera hurbiltzeko.  

Irurtzungo Udalak, aho batez, erabaki du furgoneta elektriko bat erostea. Horretara 15.000 euro bideratu ditu. Eta beste 10.000 euro bideratu zituen beste ibilgailu bat erosteko. Biak abenduan eskuratu zituen. Horretaz aparte, Lizarra kalea eta herriguneko proiektua egiteko partaidetza prozesura udalak 3.700 euro bideratu ditu. Eta 7.700 euro hirigintza aholkularitzara. Bestetik, udalak erabaki du kontu hartzaileak udalarekin zuen lan harremana etetea disziplina espedientean arau-hauste oso larria ebatzi ondoren.