Areto futbola

Osasuna Magna Xotak ez zuen etxean puntuatu

Guaixe 2026ko urtarrilaren 12a

Talde irurtzundarra modu guztietara saiatu zen, baina ez zuen berdintzea lortu. XOTA

O Parruloren kontra erori eta gero, liga geldialdira sailkapenean hamalaugarren dela iritsi da talde irurtzundarra

Lehen mailako ligako hamazazpigarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak O Parrulo Ferrol hartu zuen Anaitasunan. Bi taldeek jokoan zeuden hiru puntuak lortu nahi zituzten, azken jardunaldietan galdu eta gero. 

Partida hasi eta berehala Osasuna Magna Xotako Gustavo Marraren jaurtiketa sendo bat O Parruloren atera sartu zen, baina talde galiziarrak jokaldia errebisatzea eskatu zuen eta arbitroek aurretik Jhonatan Linharesek falta egin zuela zehaztu zuten eta gola baliogabetu. Xotak erasoan jarraitu zuen, baina bisitariek zorte gehiago izan zuten eta berdeei baloia lapurtuta markagailuan aurreratu ziren, Santa Cruzi esker. Xotak aukera ederrak izan zituen, baina baloia ez zen sartzen. Egoera gehiago zailtzeko, galiziarrek bigarren gola sartu zuten, Asier Llamasek Santa Cruzen lehen jaurtiketa geratu, baina bigarren jaurtiketari aurre egin ezin geratu zenean. 

Miguel Hernandezek Aimar Iraurgi altsasuarra atera zuen zelaira lehen zatia bukatzeko 5 minuturen faltan, partidari buelta emateko ahaleginetan. Xotako harrobiko perletako bat da Iraurgi, eta ederki aritu zen.

Bigarren zatian Xota ideiak argi atera zen Anaitasunako kantxara. Berehala hasi zen jokaldiak sortzen, baina O Parrulok oso ogi defendatu zuen. Galiziarrek erasoan jarraitu zuten, eta Asier Llamasek lana egin behar izan zuen. O Parrulok seigarren falta egin zuen, penaltia, eta Jhonatan Linharesek ez zuen barkatu. Jokaldia errebisatuta, O Parruloren falta zegoela azaldu zuten arbitroek, baina Linharesek bigarren penaltia huts egin zuen. Xota berdinketa lortzen saiatu zen modu guztietara, aukera asko izan zituzten, baina ezin. Azkenean, 1-2 gailendu zen O Parrulo. 

Izandako akatsez penatu zen Miguel Hernandez entrenatzailea. “Hobeak izan beharra dugu, ditugun akatsak oso garesti ordaintzen ari gara”. 

Atsedenaldira, hamalaugarren
El Pozo Murcia da liderra (40 puntu) Barçaren (37 puntu) aurretik. Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (16 puntu). Lehen mailako areto futboleko ligak atsedenaldia hartuko du lehen itzulia jokatu eta gero. Hurrengo liga jardunaldia otsailaren 13tik 14ra jokatuko da, baina Xotak hogeigarren jardunaldiko partida aurretik jokatuko du, otsailaren 11n.Talde irurtzundarrak sailkapenean bosgarren den Jimbee Cartagena hartuko du Anaitasunan (20:00).