Astekaria

La Pelusoren atzerakontua hasi da

Maider Betelu Ganboa 2026ko urtarrilaren 21a

Kirolaren Etxean aurkeztu zuten Irurtzungo zikloturista martxa ezaguna. LA PELUSO

Irurtzungo martxa zikloturista maiatzaren 9an jokatuko da, izena ematea zabalik dago eta izena emateetan jasotako %10 Nafarroako txirrindularitza eskoletara bideratuko da, tartean Aralar eta Burunda klubetara

La Peluso Cycling-ek abenduaren 29an aurkeztu zuen 2026ko La Peluso zikloturista martxa, probaren seigarren edizioa dena. Maiatzaren 9an jokatuko da, hiru ibilbide ditu eta izena ematea ilbeltzaren 1ean zabaldu zen. Azkar ibiltzea gomendatu dute.

La Peluso proba solidarioa da, eta aurten Nafarroako txirrindularitza eskolak lagunduko ditu: izena emateetan jasotako %10 Nafarroako txirrindularitza eskoletara bideratuko du: Aralar eta Burunda klub sakandarretara, eta Estella, Tafalles, Ermitagaña, Villaves, Berritxaco, Baztandarra eta Izozmendi klubetara ere bai. 

Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak Nafarroako Kirolaren Etxean gidatutako aurkezpenean, La Pelusoren xehetasunak emateaz gaindi, Nafarroako txirrindularitzaren osasunaren eta egunerokotasunaren inguruan ausnartu zuten bildutakoek, “gurea ez baita soilik txirrindularitza martxa bat; La Pelusorekin txirrindularitzari berak eman digunaren zati bat itzuli nahi diogu”, Santi Moreno arduradunak nabarmendu zuenez.

Moreno La Pelusoren jatorriaz aritu zen, probak Irurtzunen sortutako Reynolds taldearekin –Movistar Team, gaur egun– duen loturaz. Gainera, Nafarroa txirrindularitzarendako lur oparoa dela berretsi zuen. "La Peluso ibilbide horri guztiari balioa emateko jaio zen, eta oinarrizko txirrindularitzarekin dugun konpromisoaren isla da izena emateetan jasotako %10 Nafarroako eskolei ematea". Aurkezpenean aurpegi ezagunak egon ziren. Tartean, Aralar klubean trebatutako Egoi Martinez txirrindulari ohia; Burunda klubean trebatutako Iker Flores txirrindulari ohia; Burundatik sortutako Oscar Guerrero kirol zuzendaria, NSC Cycling Team taldeko zuzendaria eta Burundako presidentea dena; Kern Pharmako kirol teknikari Juanjo Oroz; eta INEOS Grenadiers-eko zuzendaritza taldeko kide Xabier Zandio. Guztiek La Pelusoren ekimena eskertu zuten. 

Omenaldia
Ohiturari jarraiki, La Pelusok aurten 1987ko Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko ditu: Angel Arroyo, Angel Ocaña, Pedro Diaz, Herminio Diaz, Fernando Pacheco, Jesus H. Ubeda, Enrique Carrera, Melchor Mauri, Miguel Indurain, Ruben Gorospe, Julian Gorospe, Stephane Guay, Samuel Cabrera, Marc Gomez, Kari Myyrylainen, Frank Pineau eta Dominigue Arnaud. Jose Miguel Echavarri eta Eusebio Unzue zuzendarien esanetara aritu ziren lanean. 

Hiru aukera
Izena ematea zabalik dago maiatzaren 2ra arte. Hiru ibilbide izango ditu. Laburra, aurreko urteetakoa (87 km, 1.550 m desnibela), beste bi ibilbideekin lehenengo 45 km-ak partekatzen dituena, hau da, hasieran Goñi aldera egin eta gero buelta hartzen duena, Irurtzuneraino. Laburrak Zuarrarrate igo, Lekunberriraino heldu, eta Irurtzunera itzuliko da. Ertaina (110 km, 2.000 desnibela), Uharte Arakileraino iritsiko da eta Aralarko San Miguel pista igo eta gero, Lekunberrira iritsi eta buelta egiten du. Luzeak (155 km, 2.900m desnibela) San Miguel igo eta jaitsi ondoren Larraun eta inguruetatik buelta luzeagoa egingo du Irurtzungo helmugaraino heldu baino lehen.