Astekaria

Aixita bertso sariketaren seigarren edizioa, urtarrilean

Guaixe 2026ko urtarrilaren 19a

2025eko Aixita Bertso Sariketa. BERTSOA.EUS

Urtarrilaren 25ean, jokatuko da Irurtzungo sariketa, kultur etxean; sei bertsolariek parte hartuko dute

Euskal Herriko bertso sariketen zirkuituan kokatu da dagoeneko Irurtzunen antolatzen duten Aixita bertso sariketa. Aurten seigarren edizioa izanen da, urtarrilaren 25ean, igandea, 17:00etan, herriko kultur etxean. Egun berean kanporaketa eta buruz burukoa jokatuko dute goi mailako sei bertsolarik, Euskal Herriko bost herrialdetatik etorriak: Amaia Elizagoien Varela eta Mikel Lasarte Cia, Nafarroatik; Unai Anda Delika, Arabatik; Enare Muniategi Etxabe, Bizkaitik, eta Eñaut Martikorena Lizaso, Gipuzkoatik. 

Seigarren edizioan data aldaketa izan da sariketan, eta udaberritik negura pasa dute; maiatzetik urtarrilera, hain zuzen. Antolatzaileek azaldu dutenez "bertso afaria eta bertso-trama abenduan, helduen bertso eskola... Ekimen ezberdinak aurrera ateratzen ari dira urtean zehar, eta hau beste ekarpen bat da". Sariketara "punta puntako bertsolariak erakarri" nahi dituzte.

Aixitarekin "Nafarroa, Sakana eta Irurtzun bera" bertso zirkuituaren "erdigunean" jarri nahi dute, "baita euskara, lurraldetasuna eta genero ikuspegia lantzea ere". Sariketan parte hartzen duten bertsolarien artean Euskal Herri osoa ordezkatuta dago, eta hiru emakumezkok eta hiru gizkonezkok parte hartzen dute. Bestetik, Nafarroako bertsolariei kantatzeko beste plaza bat eskaini nahi diote ere bertso sariketa honekin. 

Eli Pagola Apezetxea, Ane Labaka Mayoz, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aitor Bizkarra Ruiz eta Ane Zuazubizkar Iñarra izan dira, 2021etik 2025era Aixita bertso sariketako irabazleak, hurrenez hurren.