Astekaria

Irurtzun irudikatuz

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko urtarrilaren 28a

Irurtzundarrak 'Ehuna eta bilbea' proiektuan lan egiten. TONI SASAL

Maria Jimenez Moreno artista Irurtzunen 'Ehuna eta bilbea' instalazio kolaboratiboa sortzen ari da, FLUXU Nafarroako arte garaikidearen zirkuituaren barruan. Lana ilbeltzaren 31n mustuko dute, Barazkigunen; herritarrek jositako irudiak izanen ditu.

FLUXU Nafarroako arte garaikideko programaren bigarren edizioa antolatu du Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak. Bi helburu ditu, alde batetik, herritarrei sorkuntza artistiko garaikidea ulertzeko eta horretaz gozatzeko gakoak ematea, eta, bestetik, arte garaikidea hiriguneetatik kanpo duen presentzia zabaltzea. Xede hauek tokiko erakundeen eta hezkuntza eta elkarte sareko eragileen laguntzarekin egiten da. Zirkuituaren bigarren edizio honetan arte garaikidea Irurtzunera iritsi da, eta ilbeltzean zehar Maria Jimenez Moreno artista iruindarra Ehuna eta bilbea proiektua garatzen egon da. 

"Zentzu bikoitza du: ehunarekin lan egingo dugu eta ehun sozialak parte hartuko du"

Jimenez instalazio kolaboratibo bat proposatu du Ehuna eta bilbea proiektuarekin. "Horrela deitzen da ehunarekin lan egiten dudalako, eta bigarren zentzu bat ere badu; ehun soziala. Bilbearekin ere zentzu bikoitza du: bilbea eta irurtzundarrek konta ditzaketen herriari buruzko tramak". 

Irurtzun
Lehenengo aldiz parte hartu du FLUXU-n artistak. "Aurtengo komisarioa den Fermin Alvirak deitu zidan esateko arte garaikideko zirkuitua bazegoela, Nafarroako hainbat herritan egiten zela eta artearen bidezko topaketak egiten zirela, eta alde batetik erakusketa zegoela eta bestetik interbentzio kolaboratiboa; eta horregatik nirekin gogoratu zen, aurretik horrelako zerbait egin izan dudalako". Hortaz, proiektua herritarren bidez Irurtzun ezagutzeko modu bat dela esan du artistak, "herritarrekin lan egitea". 

Zirkuituan parte hartuko duten herrien artean, Jimenezi Irurtzun "egokitu" zitzaion: "Noizbait egon naiz, baina ez nuen herria asko ezagutzen". Artelana egiteko hainbat gune ikusten aritu ziren, eta Barazkigune aurkitu zuten: "Liburutegian egon ginen, kultur etxean... Baina ez dute erakusketa egiteko toki bat. Azoka egiten zen tokia zenez, iruditu zitziagun oso ongi sinbolizatzen zuela elkargune bat, eta egin nahi nuen akzioarekin bat egiten zuen". Panelak ikustean, gainera, horietan "interbenituko" zutela erabaki zuen. 


Maria Jimenez artista 'Ehuna eta bilbea' tailerran. TONI SASAL

Proiektua pentsatu zuenetik azken emaitzera arte "eraldatzen" joan dela esan du Jimenezek: "Orain txuri beltzean lan eginen dugu, gauden garaiagatik, urtarrila eta otsaila; ez dago ia argirik eta kontrastearekin lan egin nahi nuen. Horregatik, txuria eta beltza hobeki ikusten dira". Hari fosforezenteak "aurkitu" zituen, eta "funtzionatzea" espero du: "Modu honetan, azkar iluntzen duenez, arrats-gauean ikusiko dira". 

Hasiera batean ere pachtwork "antzeko bat" egitea pentsatu zuen, hau da, marrazki txikiak bata bestearen ondoan josi, "baina gunea ikusita, klimaren baldintzak... Zerbait xumeagoa egitea pentsatu nuen". Beraz, marrazki handiagoak eginen dituzte ehunetan,"eta urrunetike ere ikusi ahal izanen da". 

Ehuna eta bilbea instalazio kolaboratibo bat da. Zer esan nahi du horrek? "Irurtzundarrek eta nik lan egiten dugula proiektuan; jendeak parte hartzen du". Artistak "adin eta jatorri" desberdineko jendeak partea hartzea nahiko luke, izan ere, bere lehenengo ideia zen ahalik eta "anitzena eta globalena" izatea: "Betidanik Irurtzun bizi dena eta etorri berria dena". Momentuz, ilbeltzaren 10eko eta 17ko tailerretan parte hartu dutenak "herrikoak betidanik" dira. Oraindik parte hartzeko aukera badago, bihar, ilbeltzak 24, 11:00etatik aurrera, Irurtzungo jubilatuen elkartean. 

"Oso pozik nago, hamar bat emakume etorri dira". Proiektuaren berri emateko abenduan bilera bat egin zuten, Itziar Matxain kultur teknikarekin adostu ondoren: "Jendeak ez zekien oso ongi zer egin behar zen, eta bileraren ondoren animatu ziren". Eta zer egin behar dute irurtzundarrek? "Nik herriaren inguruko irudi bat eskatu nien, hori gero marrazki bihurtu eta josteko. Batzuk marrazkiak eginak ere ekarri zituzten". Inplikazioarekin oso pozik dago artista. 

"Kanpoko edonork Irurtzun irudikatzean Bi Aizpe ikusten ditu; hori egin dut" 

Irurtzundarrek marrazkia prest dutenean Jimenezek gida papera egiten du: "Marrazkien tamaina ikusten dut, nola eginen dugun begiratzen dut...". Artelana joanen den panelek bi alde dituzte eta alde batean artistak sortutako Bi Aizpeen irudia joango da, eta beste aldetik herritarrek sortutako irudiak. "Kanpoko edonork Irurtzunen pentsatzen badu Bi Aizpeak datorkio burura, eta haien azpian haritzaren eta intsusaren hostoak jarri ditut, bakoitza alde batean". Herriari buruzko informazioa bilatu zuenean Irurtzun izena intsusatik etor zitekeela irakurri zuen, "eta oso polita iruditu zitzaidan".  

Elkarlana 
"Proiektu honen helburua da irurtzundarrei erakusten haien herriari buruz duten irudikapena eta beste alde batetik nik ere modu horretan herria ezagutzea". Esan bezala, irurtzundarrek marrazkien bidez herria erakutsi behar dute, baina ez du zertan herrian dauden gauzak agertu behar: "Adibidez, emakume batek laguntasuna nola adierazi daitekeen galdetu zidan, eta elkarlotutako bi esku izan zitekeela esan nion". Irudien artean gaur egun kultur etxea den eliza zaharraren atea dago, Plazaolako zubia... "Baina izan daiteke zer den zuretako herria; haien arteko harremana".  

Ilbeltzaren 31n, 12:00etan, eginen dute Ehuna eta bilbea instalazio kolaboratiboaren emaitzaren erakusketaren mustutzea. "Ez dakit egunean bertan edo aurretik jarriko dugu, baina egun horretan proiektuaren inguruko hitzaldi bat emango dut". Hasiera batean liburutegian egitea pentsatu zuten, "baina hobe Barazkigunen, horrela jendeak lana insitu ikusi dezake". 

Erakusketa mustuko den momentu horretara arte ezingo da ikusi artelan osoa: "Ez dakit nola geldituko den. Hasiera batean dena plano bakar batean egitea pentsatu nuen, baina gero josteko zaila zenez zatiak egitea pentsatu nuen...". Aurtengo FLUXU zirkuituaren gaia "zatikako" denez bat egiten du Jimenezen ideiarekin: "Hortik zetorren ideia, norberaren lana gero elkartzen da". 

Artista oso eskertuta dago Matxainekin eta animatu diren emakumeekin "hau posible egiteagatik". Tailerretan "oso giro polita" sortu dela esan du.