Ilbeltzaren 21ean jokatu zen Nafarroako areto futboleko kopako finala, Erriberrin. Osasuna Magna Xotak eta Vulcanizados Ruiz Tafa aritu ziren nor baino nor, bidean San Juan eta Ribera de Navarra taldeak utzi eta gero.
Finala oso borrokatua izan zen, ikusteko polita. Miguel Hernandezek lehen taldeko jokalariez gain harrobiko jokalariak deitu zituen. Tartean zeuden Aimar Iraurgi, Javi Larrea, Oier Amezgarai eta Julen Fernandez. Partida hasi eta 5 minutura 1-0 aurreratu ziren berdeak, Albert Ortasi esker, baina Tafak azkar berdindu zuen. Erritmo handiko derbia zen, eta bi atezainek lan handia egin behar izan zuten. Bigarren zatian partidak berdintsu jarraitu zuen, joko gutxirekin eta defentsa lana gailenduz. Aukerak izan ziren, baina markagailua ez zen mugitu eta banakako berdinketarekin luzapena jokatu behar izan zen. Eta hain zuzen ere luzapenean esnatu zen Xota. Asier Llamas atezainak bere atetik gol itzela sartu zuen, 2-1, zaleak aulkietatik altxatu zituena. Tafa jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Dani Saldisek hirugarrena sartu zuen, eta Ion Cerviñok laugarrena.
Ofizioak eman zion garaipena Xotari. Horrela, jokatutako bederatzi kopetatik zortzi irabazi ditu Irurtzungo klubak. Pozarren zeuden jokalariak eta teknikariak, Miguel Hernandez entrenatzailea buru.
Ligako geldialdian bi lagunarteko jokatuko ditu Xotak
Europako Txapelketak direla eta lehen mailako areto futboleko liga geldialdian dago. Erritmoa ez galtzeko bi lagunarteko partida antolatu ditu Xotak. Ilbeltzaren 23an Frantziako lehen mailako Toulouse taldearen bisita jasoko du Osasuna Magna Xotak Anaitasunan (20:00), eta ilbeltzaren 30ean Iluminacion Ribera Navarra izango du aurkari talde berdeak (20:30).