Emakumeen lehen maila autonomikoan txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten Irurtzungo Xotako klubek. Batetik, Xota A liderra ikusgarri aritu zen Txantrea B taldearen kontra eta merituzko garaipena lortu zuen. Saioa Etxetok Xota aurreratu zuen, baina bana berdindu zuen Txantreak. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen Alazne Garcesek Xotaren garaipenaren gola sartu arte. 1-2 irabazita, 3 puntu eder lortu zituen Xota A-k eta lider bukatu du lehen maila autonomikoa, 33 punturekin, Mendialdea A bigarrenak izan dituen puntu berberekin.
Xota B taldeak Berriozarko Mendialdea B hartu zuen Irurtzunen. Partida oso borrokatuan, 12. minutuan Zuriñe Zugastik Mendialdea aurreratu zuen. Xota partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen eta hiru puntuek Irurtzundik alde egin zuten. Xota B-k seigarren bukatu du liga (8 puntu).
Aurki bigarren fasea abiatuko da.