Lesio zail baten ondoren, urtea bikain bukatu eta hasi zuen Asier Galarza Iriarte irurtzundarrak: abenduaren 20an Nafarroako Pala Txapelketako lehen mailako finala irabazi zuen Javier Agirrerekin, eta ilbeltzaren 3an Irurtzungo Frontenis Open edo txapelketa ezagunean garaile izan zen Jesus Dominguezekin.
Urtea txapeldun bukatu eta hasi. Nolako marka!
Oso pozik nago, ez nuelako batere espero, lesio batetik natorrelako. Bizpahiru hilabeteetan konponduko zela zirudien, baina luzatu da, eta psikologikoki gainditzea kostatzen ari zitzaidan. Beraz, bi txapelak oso ongi etorriak dira, batez ere buruarendako. Alde psikologikoa, disfrutatzea eta emaitzak lortzea garrantzitsua da.
Pala edo frontenisa, zer nahiago?
Jende askok egiten didan galdera da. Txikitan esku pilotan ibili nintzen 18 urtera arte, eskuak txikitu arte. Orduan frontenisarekin hasi nintzen, lehendabizi kuadrillakoekin, segidan Nafarroan eta gero estatu mailan. Frontenisean urte asko daramatzat eta oso gustuko dut, baina duela lauzpabost urte pala goman hasi nintzen eta orain zalantza dut (kar-kar). Partida bat jokatzeko, oraintxe bertan pala dut gustukoago: abiadura gehiago, potentzia gehiago, defentsa lana egitea gehiago kostatzen da, tantoa lortzeko erasorako aukera gehiago dituzu... Orain eta hemen, Euskal Herrian, pala dibertigarriagoa da. Euskal Herritik kanpo estatu mailan frontenisera asko jokatzen da eta asko gustatzen zait. Hemengo frontoietan txapa metro bateko alturan dago kokatuta, baina estatutik kanpo 60 zentimetrora kokatzen dute, baxuago, eta horrek beste bizitasun bat ematen dio jokoari eraso eta defentsa mailan; dibertigarriagoa da, eta oso gustura aritzen naiz.

Pala gogorragoa izango da, erreminta beraren ezaugarriengatik.
Bai. Nolanahi ere beti esaten zidaten frontenisa lesioetarako arriskutsua zela, pisurik ez duen pilota bati potentzia askorekin ematen diozulako, baina azken aldian izan ditudan lesio gehienak palan izan dira.
Lesio zail batetik osatzen ari zara.
Apirilean izan zen, Iruñeko Iturramako Lopez frontoian Graciano Iriarte Memoriala jokatzen ari nintzela. Finalaurreko partidan, palarekin jotzerakoan besoa zintzilik bezala geratu zitzaidan, sekulako minarekin. Haustura txiki bat eta lepauztaiaren kanpoko lotailuan bihurdura, hori izan zen diagnosia. Ez ohiko lesioa da, eta hobetzen joatea oso zaila izan da. Fisioterapia saio pila bat, medikuek ez zekiten oso ongi nondik jo... Oraindik errehabilitazioan jarraitzen dut San Miguelen klinikan, baina gutxika hobeto nago. Gimnasioa ez zait inoiz gustatu, baina lesioa zela eta Egoitz Carrion prestatzailearekin hasi nintzen duela lau hilabete, eta frontoira itzultzeko oso ongi etorri zaidanez, aurrera segiko dut.
Gaizki pasatu duzu.
Bai, hamar egun ezin jantzi ez erantzi egon nintzen, gaizki. Proba asko egin zizkidaten. Txapelketa guztiak utzi nituen, bat izan ezik, Donostiako Antiguako Pala Txapelketa, finalaurrekoetan nengoelako. Hala moduan jokatu nuen, baina txapela lortu genuen, bikote ona nuelako, Eduardo Vidan. Gero, ekaina eta uztailean guztiz geldirik egon nintzen. Abuztuan frontenisean hasi nintzen pixka bat, irailean Espainiako Frontenis Txapelketan aritu nintzen eta gero atzera ere geldirik, Nafarroako Pala Txapelketara arte.
Gutxika aritu zara, dosifikatzen.
Bai, eta hemendik aurrera ere hala ariko naiz. Asmoa da ilbeltzean bakarrik gimnasioan aritzea, zonaldea indartzeko, otsailean palan pixkanaka entrenatzen hastea, martxoan joan zen urteko arantza hori kentzeko: ea aurten Graciano Iriarte Memorialean jokatzeko aukera dudan eta ez naizen lesionatzen.
Badirudi profesional batekin hitz egiten ari garela, baina zu Garesko kirol teknikaria zara ogibidez. Palan eta frontenisean zaletasunez aritzen zara, amateur mailan.
Bai, zaletasuna da, guztiz. Gainera, paleta goman eta frontenisean ez dago profesionalik. Baina haurra nintzela esku pilotan aritzen nintzenean nire nahia profesionala izatea zen, haur guztiek bezala.
PALA
Nafarroako Binakako lehen mailako egungo pala txapeldunak zarete Fronton Lopez klubeko Javier Agirre eta biok.
Aurten aldaketa egon da. Orain arte lau maila zeuden, lehen mailatik hasita laugarren mailaraino, baina aurten ohorezko maila jarri zuten, maila gorena, eta segidan beste bost maila, palista asko geundelako. Nire asmoa zen Eduardo Vidanekin ohorezko mailan jokatzea, baina soilik iaz lehen mailako lehen zortzi bikoteek jokatu ahal zuten bertan. Gainera, ni iaz ez nintzen Nafarroako Paleta Goma Txapelketan aritu, Aragoin federatu nintzelako, Magallonekin batera bertako Fronteniseko Liga jokatzeko. Ongi joan zitzaigun, liga irabazi genuelako. Aurten, aldiz, Nafarroan federatzea erabaki nuen. Javier Agirre klubeko taldekideak berarekin Nafarroako Binakako lehen mailako paleta goma txapelketan parte hartzea proposatu zidan, eta animatu nintzen. Lehenengo partida ez nuen jokatu, lesioarengatik; nire ordez erreserba batek jokatu zuen, eta partida galdu egin zuten. Bigaren partidatik aurrera jokatzen hasi nintzen, gutxika lesiotik zertxobait hobetzen nintzen bitartean. Finalaurrekoetara sailkatu, eta sorpresa emanda finaletara iritsi ginen.
Finala San Juan klubeko Elizegi eta Linzoainekin jokatu zenuten. Faboritoak al ziren?
Beraiek eta aurrefinaletako Javi Ezker eta Josu Ofizialdegi txapelketako bi bikoterik indartsuenak ziren. Ni erdi lesionatuta, eta nire bikote Javier Agirrek hilabete bat lehenago sorbaldan lesioa izan zuen. Baina ongi jokatu genuen. Aurrefinaletan 15-25 gailendu ginen, baina finala oso gogorra eta luzea izan zen. Ordu eta erdi iraun zuen partida estuan 25-23 irabazi genuen. Ikusteko partida polita izan zen, jendeak oso ongi pasa zuen eta giro polita izan zen Lopez frontoian.
Palan zein aurreikuspen dituzu?
Helburu nagusia martxoan eta apirilean jokatuko den Graciano Iriarte Memoriala da, eta aldi berean Labianoko Txapelketa jokatuko dut. Bestalde, otsailean hasiko den Latasako Txapelketa denboraldiaurre gisa erabiliko dut. Eta tartean epaile ariko naiz. 18 urte nituela Gasteizen ikasten ari nintzela epaile titulua atera nuen, eta Espainiako Kluben Arteko Txapelketako zenbait partida epaitzeko deitu didate.
"Irurtzungo Frontenis Openean 64 bikote aritu ziren, estatuko onenak, maila ikaragarrian"
FRONTENISA
Irurtzungo Frontenis Open txapelketaren arima zara, zuk antolatzen duzu. Openak aurten hamaikagarren edizioa zuen, eta 64 bikoteen tokia berehala bete zen.
Beste txapelketa batzuetan egon den beherakada ikustean beldur pixka bat nuen, baina kartela atera eta hamabost egunetarako 64 tokiak bete ziren; hogei bikotetik gora geratu ziren itxaron zerrendan. Ohi bezala, estatuko bikote onenak bildu ziren.
Zergatik arrakasta hori?
Nik uste dut hainbat gauza batera direla. Batetik, kokapena. Irurtzun oso toki egokia da, erdigunea, Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostiarako. Estatutik jende asko etortzen da Madriletik, Bartzelonatik, Segoviatik, Gaztela-Leonetik, Burgosetik... saria potoloa delako, bigarren faktore garrantzitsua. Data egokia lortze garrantzitsua da ere bai, eta batez ere jendea urtez urte gustura geratzea. Txapelketa bukatzen den egunean nire buruak "nahikoa da" dio. Sare sozialetara kronika igo behar dut, saridunak jarri, eguna nola joan den kontatu... leher eginda bukatzen dut eta ez dut gogorik izaten, baina gero jendeak bidaltzen dizkizun mezuekin eta deiekin jendeak asko disfrutatu duela ikusten duzu, eta hurrengo urterako gogoekin geratu direla, eta horrek animatzen dizu hurrengo urtean berriz txapelketa antolatzera. Beraz, guztiak du eragina, kokapenak, data egokiak, sariak eta jendea pozik uzteak. Ez da berdina txapelketa batera joan eta partida bat galduta kanpo geratzea, edo gurean gutxienez lau partida jokatzeko aukera izatea. Gainera, Lacturaleko produktuak ematen dizkiegu partaideei, kamiseta, hornidura gunea dute... detaile horiek.
Beste frontenis txapelketetan apenas lehiatu gabe aritu zinen Irurtzunen.
Irailean Espainiako Txapelketan aritu nintzen, baina lesioagatik hortik aurrera guztiz utzi nuen, ilbeltzaren 3ko Irurtzungo Frontenis Openera arte. Argi esanda, Irurtzungoa nire txapelketa zelako jokatu nuen, baina zero entrenatuta. Beraz, ez nuen inolako itxaropenik. Jesus Dominguezekin aritu nintzen, eta presiorik gabe atera ginen. Horregatik, niretako sorpresa handia izan zen txapelketa irabaztea.

Finala nola joan zen?
Beldur asko nuen, errespetua, entrenatu gabe aritzeagatik eta lesioak ere nola erantzungo zidan beldurrez. Hasierako ligaxkako partidak 20 minutura edo 20 tantora jokatzen dira, finalaurrekoa 25 minutura, eta finala 30 minutura. Partida borrokatuan Juliori eta Migueli 8-3 irabazi genien.
Tanto luzeak dira horiek.
Duela bi urte, finalaurrekoak 25 minututara ziren, eta husnako berdinketarekin bukatu genuenez, norbaitek tantoa egin arte jarraitu behar da. 40 minutuko tantoa izan zen, eta 1-0 galdu genuen.
Zer moduzko giroa egon zen?
Goizean ligaxkako partidak jokatu ziren, Urdiainen, Arbizun, Etxarrenen, Irurtzunen, Añezkarren, Latasan, Aldatzen eta Betelun. Eta arratsaldean finalaurrekoak eta finala Irurtzunen. Nahiz eta sekulako hotza egin, 200-300 lagun inguru bildu ziren ikustera. Egun polita izan zen, ongi pasatu genuen.
Halako arrakastarekin, hurrengo urtean Irurtzungo Frontenis Opena berriro antolatu beharko duzu.
Jokatzen jarraitzen dudan eta mundu honetan jarraitzen dudan bitartean antolatzen jarraituko dut, ziurrenik. Lana da, baina gustura egiten dena. Uzten dudanean, ikusiko dugu.
