Aixita Bertso Sariketaren seigarren edizioa izen zen, lehen aldiz, ilbeltzean. Hain zuzen, ilbeltzaren 25ean jokatu zen Irurtzungo kultur etxean, eta antolatzaileen esanetan, "kanpoan hotz egiten bazuen ere, giro goxoa sortu zen". 45 bat lagun bildu ziren eta bertsoaldi "ederrez" gozatzeko aukera izan zuten entzuleek. Eñaut Martikorenak irabazi zuen eta Saats Karasatorre bertsolari etxarriarrak jantzi zion txapela.
Sei bertsolarik parte hartu zuten, Euskal Herriko bost herrialdetatik etorrita: Amaia Elizagoien Varela, Mikel Lasarte Cia, Enare Muniategi Etxabe, Eñaut Martikorena Lizaso, Elixabet Etxandi Goihenetxe eta Unai Anda Delika. Gai jartzailea Zigor Gartzia Arregi Zian izan zen.

Zortziko handian aktualitateko gaiei kantatu zitzaien, gai potoloak bertsolariei sakonetik kantatzea exijitzen zietenak: Trump, arrazakeria eta Palestina. Zortziko txikian umoreari tartea egin zitzaion; esaterako, Anda eta Martikorena lankideak ziren eta armairuan gordetako gailetak kentzen zizkion lehenak bigarrenari. "Elkarrizketa polita izan zuten bien artean, eta elkarri ziri ederrak bota zizkioten". Entzuleek barre egiteko aukera izan zuten.
Hamarreko txikian gogoeta interesgarriak eman zirela esan dute, udalekuak, Harrera edo euskarazko kazetaritzen inguruan. Ganbarako ariketa "arin arin" joan zen puntu erantzunak eta gai bati botatako bina bertsoekin. Aipagarrienak Elizagoien eta Etxandiren "inork gutxik pentsatzen zuen lortuko zenuenik gaiari botatakoak" izan ziren: "Biek aipamena egin zuten nola bertsolaritza utzita zuten eta berriz ere nola kantuan hasi diren". Etxandiren kasuan ilbeltzaren 31ko Xilabako finalean izanen da ere.
Kanporaketaren ondoren, Elixabeth Etxandi eta Eñaut Martikorena pasa ziren Buruz Burukora. Biek "lan bikaina" egin zuten, eta puntukako ariketei umoretik heldu zieten; "Berriz hutsetik hasi behar izan duzu" gaiari kantatu behar izan zioten. "Oso parekatua" izan zen eta, azkenik, Eñaut Martikorenak irabazi zuen Aixitaren seigarren txapela. Saats Karasatorre bertsolari etxarriarrak jantzi zion txapela.