Osasuna Magna Xotak plantilla indartzea erabaki du eta Franco Martinez Riveras fitxatu du denboraldi bukaerara arte. M. Riveras 29 urteko hegal argentinarra da, eskuina. Kimberley klubean hasi zuen bere ibilbidea eta 2019an Boca Juniors taldearekin fitxatu zuen eta 2024an 17 de agosto taldera joan zen, utzita. Hain zuzen ere 2025ean ligako txapelduna izan zen 17 de agosto taldea, eta M. Riverasek sartu zuen garaipenaren gola Boca Juniorsen kontra.
Liga argentinarra utzi eta orain estatuko lehen mailara iritsi da M. Riveras, Osasuna Magna Xotaren plantilla indartzeko asmoz. Atzo, otsailak 3, iritsi zen Iruñera, eta berehala Anaitasunara hurbildu zen, taldekideak ezagutu eta lehen entrenamendua egitera.
Lagunarteko derbian, berdinketa
Europako Txapelketa jokatzen den geldialdian erritmoa ez jaisteko Osasuna Magna Xotak ATP Iluminacion Ribera Navarra taldea hartu zuen ilbeltzaren 30ean Anaitasunan, lagunarteko partida jokatzeko. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, eta nahiz eta hasieran biek gol aukerak izan, ez zuten asmatu. Albert Ortasek Xota aurreratu zuen, baina atsedenaldia baino lehen partidari buelta eman zion Tuterako taldeak, 1-2 aurreratuta. Bigarren zatian errebantxarako gogoz atera ziren jokalari berdeak. Dani Saldisek bina berdindu zuen, baina Erriberakoek ongi erantzun zuten, 2-3 jarriz. Irurtzundarrek denetariko jokaldiak sortu zituzten, baina baloia ez zen sartzen. Ion Cerviño atezain-jokalari jarri zen, baina orduan laugarren gola sartu zuten Tuterakoek. 2-4. Xotak ez zuen etsi. Dani Saldisek 3-4 gerturatu zuen talde berdea. Ribera Navarrak seigarren falta egin zuen, penalti bikoitza, eta Pachuk laugarren gola sartu zuen, berdinketarena.