Aparkalekua berritzeko eta berria egiteko lanak hasiak

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 11

Langileak kaleen bidegurutze ondoan oinezkoendako sarbide berria egiten.

Gaztetxoko ondokoan egokitze lanak egiten ari dira. Zinema zegoen tokian aparkaleku berria eginen dute.

Larraun eta Ugaldeta kaleen ondoan dagoen autoendako aparkalekua egokitzeko lanak martxan dira. Lanak Lakita enpresa egiten ari da eta haien truke 115.759,77 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Ilbeltzeko azken astearekin batera hasi dira lanak eta maiatzerako despeditzea aurreikusi du udalak. Lanen fase honetan oraindik ere aparkalekuaren sarreraren ondoan ibilgailuak aparkatzeko aukera izanen da. Lanek aurreratzean aukera hori desagertuko da. 

Lau lan eginen dira. Batetik, aparkalekuko zorua txukunduko dute. Aparkalekuak zirkulazio perimetral nagusia eta barruko kaleak asfaltozkoak izanen dira. 83 ibilgailuak aparkatzeko tokiak berriz, porlanezkoak. Bestetik, Ugaldeta eta Larraun kaleen bidegurutzean hiru ataleko arrapala irisgarria eta eskailera eraikiko dira. Hori egiteko egungo espaloia errespetatuko da eta aparkalekuari zati bat kenduko zaio.


Aparkalekuak hartuko duen itxura. 

Horietaz aparte, Ugaldeta kaleko aparkalekurako sarbidearen ondoan behar bereziak dituzten pertsonen ibilgailuek aparkatzeko bi plaza egokituko dira. Aldi berean, aparkalekua pixka bat handituko denez, gaur egun espaloia okupatzen duten edukiontzien ilarak hartzeko espazio bat sortuko da. Azkenik, gaztetxokoko sarrera nagusiaren ondoan zolatutako gune bat jarriko da eta han eserlekuak eta altzariak izanen dira. Aldi berean, inguruan dagoen edukiontzien ilara espaloiaren mailan jarriko da, horretarako lurzorua beheratuz. Gaztetxokoaren ondoan bi auto elektriko aparkatzeko eta kargatzeko gunea izanen da.


Zinema zegoen tokian eginen den aparkalekua. 

Aparkaleku berria 
San Migel kalean, zinema zegoen orubean, Irurtzungo Udalak 665,79 m2-ko azalera duen aparkaleku berria eginen du. Artadia kaleko etxebizitzei paraleloa den bide bat eginen da eta haren aldeetara autoek aparkatzeko plazak eginen dira. Bidea etxe dorrea eta Gernika parkea banatzen duen kalearekin bat eginen du eta ibilgailuak handik aterako dira. 

Aparkalekuak egungo malda bera izanen du, %8. Han 33 autorendako tokia izanen da. Autoendako bidea porlanezkoa izanen da eta aparkamendu plazetan porlanezko saretak jarriko dituzte, tarteetan belarra hazten den horietakoa. San Migel kalean bi metro arteko altuera hartzen du partzelak. Lurrari eusteko aurrez fabrikatutako porlanezko piezak jarriko dira. 

Lanak iraun bitartean udalak behin behineko aparkalekua prestatu du Gernika plazan. Han 27 autok aparkatzeko aukera izanen dute. Lacunza Hermanos enpresa lanak aste honetan egiten hasi da eta haien truke udalak 120.659,77 euro (BEZik gabe) ordainduko dizkio. Aparkaleku berria maiatzerako erabilgarri egonen da.