Areto futbola

Garaipenarekin itzuli da Osasuna Magna Xota

Guaixe 2026ko otsailaren 12a

Dani Saldise, penalti jaurtiketan. XOTA

Europako Txapelketako geldialdiaren ondorengo lehen partidan Xota indartsu egin zen etxean eta Jimbee Cartagena mendean hartu zuen

Espainiako selekzioak irabazitako Europako Areto Futbol Txapelketak sortutako geldialdiaren ondoren, bueltan da lehen mailako areto futbol txapelketa. Osasuna Magna Xotak etxean jokatu zuen, Jimbee Cartagenaren kontra, hemeretzigarren jardunaldiko aurreratutako partida. Bi taldeek sekulako partida jokatu zuten, adituen esanetan “denboraldiko partidarik onenetakoa”, erritmo, intentsitate eta alternatibei dagokienez. 

Dani Saldise irurtzundarrak sartu zuen lehen gola, Mottak egindako penaltia Chispik defendatutako atean sartuta. Xotak eroso jokatzen zuen eta kontrako atera iristen zen, baina gutxika Jimbeek gora egin zuen eta horietako batean bana berdindu zuen. Xotak sortutako jokaldi arriskutsu batean Jimbeeko Darío Gilek ate propioan sartu zuen gola, Xota 2-1 aurreratuz, baina berehala Darío Gilek bina berdindu zuen. Atsedenaldiaren ondoren ildo betetik jarraitu zuen partidak. Corner bati esker 2-3 aurreratu zen Jimbee, baina berdeek ez zuten etsi eta corner batean Gustavo Marrak hirunako berdinketa ezarri zuen. 

Hortik aurrera Xota finago aritu zen. Kontraeraso ikusgarrian Dani Saldisek 4-3koa jarri zuen markagailuan, eta partida are gehiago gogortu zen. Alboko sake baten ondoren Mendibek 5-3koa ezarri zuen, eta Pachuk 6-3koa ezarri zuen. Cartagenak ez zuen etsi, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak etxean geratu ziren. 

Miguel Hernandez entrenatzailea oso kontentu zegoen taldeak egindako lanarekin. “Gaur puntutxo bat gehiago ikusi zaio taldeari. Atsedenaldia ongi etorri zaigu burua argitzeko. Markagailuari buelta eman diogu eta kontrako atean asmatu dugu. Garaipena, taldeari saria da”.  

Palman, Palma Futsalen kontra
Lehen mailako ligako liderra El Pozo Murcia da (40 puntu). Oasasuna Magna Xota hamahirugarren da (19 puntu). Asteburuan lehen mailako hemezortzigarren jardunaldia dago jokoan. Osasuna Magna Xotak Palman jokatuko du, sailkapenean hirugarren den Illes Balears Palma Futsalen kontra, otsailaren 14an, 13:00etan.