Abiadura Handiko Trenaren (AHT) egitasmoak zuzenean Irurtzun ukituko ez badu ere, gertu izanen dute herritarrek. Hori dela eta, Ministerioaren AHTren Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlanaren berri emateko batzarra antolatu zuten otsailaren 11n, asteazkenean. Udaletxean egindako bilkuran Sakana Trenaren Alde plataformako ordezkariak eta Unai Razkin Iriarte alkateak eman zituzten azalpenak. Alde batetik, azaldu zuten proiektua gauzatzeak izanen lituzkeen ondorioak. Horri aurre egiteko alegazioak aurkezteko epea martxoaren 6ra arte zabalik dagoela gaztigatu zuten. Eta, azkenik, AHTren alternatiba gisa tren publiko eta soziala aurkeztu zuten. Haren nondik norakoen berri eman zuten.
Bestalde, bideo baten grabaziorako gonbidapena egin zuten. Martxoaren 14rako manifestazioa deituta dute. Hura iragartzeko bideoa otsailaren 15ean, igandean, 11:30ean Izurdiagako geltokian eta 16:30ean Uharte Arakilgo geltokian grabatuko dute.