Areto futbola

Gol falta, berriro ere

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 16a

Osasuna Magna Xotak ongi jokatu zuen, baina ez zituen gol aukerak behar bezala probestu. XOTA

Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Mallorcatik punturik ekarri

Areto futboleko lehen mailako hemezortzigarren jardunaldian Palmara egindako bisitan Osasuna Magna Xotak Palma Futsal izan zuen aurkari. Xotak joko bertikalaren aldeko apustua egin zuen eta gol aukera ederrak sortu zituen, baina ez zituen behar bezala probestu. Aldiz, Palmak egindako lanari etekin gehiago atera zion eta 4. minuturako 1-0 aurreratu zen. Dani Saldisek, Ion Cerviñok eta Pachuk bere aukerak izan zituzten, baina Barron atezainarekin topo egin zuten. Gainera, Pachuk penaltia huts egin zuen. 

Bigarren zatian Palmak bigarrena sartu zuen, baina irurtzundarrek ez zuten behera egin eta arriskua sortzen jarraitu zuten. Korsun, Cerviño, Cuello... nahi baina ezin. Azkenean, Barronek ezin izan zuen Cerviñoren jaurtiketa bat gelditu eta Osasuna Magna Xota 2-1 gerturatu zen. Berdinketa gertu ikusten zuten nafarrek, gol aukerak bata bestearen atzetik zetozelako, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Korsuni falta egin zioten, baina Barronek Saldisek jaurtitako penaltia geratu zuen. Eta Xotaren zorigaiztorako, Palma Futsalek hirugarren gola sartu zuen. Miguel Hernandezek atezain-jokalari formula erabili zuen, baina ez zen ongi atera eta laugarren gola sartu zuen Palma Futsalek, 4-1. Xotak ez zuen etsi eta Dani Saldisek bigarren gola sartu zuen, 4-2. Beste penalti bat huts egin zuen Linharesek, eta horrela despeditu zen partida. 

Miguel Hernandezek Osasuna Magna Xotaren joko ona baina punteria falta nabarmendu zuen. “Halako kalitate handia duen talde baten kontra jokatzen duzunean, perfekziotik gertu ibili behar duzu, eta ez da erraza. Hala ere, ez dugu etsi, partidari eutsi diogu eta gure aukerak izan ditugu. Asmatze puntutxo hori falta izan zaigu”.

Lehen mailako lider berria Barça da (40 puntu), El Pozo Murcia bigarrenarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota hamahirugarren da (19 puntu), eta jaitsiera postuak soilik puntu batera ditu. Asteburuan ez du jokatuko, hemeretzigarren jardunaldiko partida aurreko astean jokatu zuelako, eta Jimbee Cartagenari 6-3 irabazi.