Osasuna Magna Xotak Servigroup Peñiscolaren kontra jokatu zuen lehen mailako ligako hogeigarren jardunaldian. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, eta azken unean Palazonek gelditutako penalti bikoitzari esker, berdinketari eutsi eta puntu bat ekarri ahal izan zuen talde irurtzundarrak.
Bi taldeak parez pare aritu ziren. Osasuna Magna Xotak aurrean presionatzen zuen eta Peñiscola baino gehiago iristen zen kontrako atera. Hala ere, Peñiscola aurreratu zen, penalti bati esker, partida hasi eta 7. minutuan. Nafarrek erasoan jarraitzen zuten, baina azkenaldian gertatzen zaien bezala, ez zuten kontrako atean asmatzen. Barkatzen duenak garesti ordaintzen duenez, Peñiscolak bigarren gola sartu zuen eta irurtzundarrak 2-0 galtzen joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian berdeek presionatzen jarraitu zuten. Peñiscola ez zen horren fin aritu defentsan, eta kasu honetan beraiek izan ziren larri ordaindu zutenak, Xotak bina berdindu baitzuen, 29. minutuan Jhonatan Linharesek eta berehala Andres Geraghtyk sartutako golei esker. Horrela, azken minutuak zoroak izan ziren. Bi taldeek falta dezente egin zituzten eta Xotaren kontrako penalti bikoitza seinaleztatu zuen arbitroak. Palazon atezainak bikain eutsi zion Peñiscolako Juanicori eta baloia ez zen ate barrura sartu. Partida guztiz erotu zen, eta jokaldi nahasi batean arbitroak Ion Cerviño kaleratu zuen, berdeek asko protestatutako jokaldian. Finalerako ehuneneko gutxien faltan atzera ere aldeko penaltia zuen Peñiscolak, baina Alejandro Palazonen geldialdiak markagailua binakako berdinketarekin mantendu zuen eta Osasuna Magna Xotak garaipen gisa ospatu zuen binakako berdinketa.
“Taldeak partida ona egin du, golen bat gehiago lortzeko merituak egin ditugu, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, bi talde oso paretsuen artean eustea lortu dugu eta alde horretatik Palazonen penalti geldialdia oso garrantzitsua izan da” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Manzanaresen kontrako partida, ezinbestekoa
El Pozo Murcia da lehen mailako liderra (46 puntu) bi puntura Barça duela. Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (20 puntu), jaitsiera postuak 6 puntura dituela. 21. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Quesos Hidalgo Manzanares hartuko du Anaitasunan, martxoaren 7an, larunbata (20:30). Lehen mailari eusteko bidean, partida oso garrantzitsua da Xotarendako eta zaleen babesa eskatu dute.