AEBek eta Israelek Iran eraso eta gero Ekialde Hurbilean eskualde osora zabaldu da gerra, eta Imanol Arregi areto futbol entrenatzailea bete betean harrapatu du.
Imanol 22 urtez izan zen Xotako entrenatzailea, erreferente handia. Baina ibilbidea bukatu eta nazioarteko abentura bati ekin zion. Lehenik eta behin, Japonian izan zen, eta otsailetik Kuwaiten dago, Al Yarmouk taldea gidatzen. Hain zuzen ere azken erasoek bertan harrapatu dute, Salmiya hirian, Al Yarmouk taldearen egoitzatik gertu.
Imanolek lehen pertsonan bizi ditu erasoak. “Igandetik astelehenera bitarteko gauean leherketa antzeko bat entzun nuen, eta bat-batean misilen kontrako ezkutuen alarmak jotzen hasi ziren. Tentsioan gaude, lo gutxi egiten... izan ere saltsaren erdi-erdian gaude. Entzun genuen eztanda, nonbait, AEB-etako enbaxadara gidatutako misila omen zen, ni bizi garen tokitik 10 minutura dagoena, eta eta lurretik jaurtikitako antimisil ezkutuak harrapatu zuen. Misila gure begien aurrean erori zen. Sinestezina. Gero beste hiru eztanda entzun genituen; sirenak ez ziren isiltzen”.
Imanol Al Yarmouk taldeko prestatzaile fisikoarekin eta Calos Vento jokalariarekin bizi da Mishrefen, eta egoerak eztanda egin zuenetik, etxetik ikusten dituzte erasoak. AEBek bost base ditu Kuwaiten, eta Iranen helburu dira. Bizimodua arraroa dela dio entrenatzaileak. “Bizimodu arrunta da, batetik, baina tartean sirenak eta eztandak entzuten dira. Tentsioan gaude”.
Bertatik atera
Imanol Arregi Espainiako enbaxadarekin jarri da harremanetan. “Esaten digute Kuwaiten kontra ez dagoela ezer, lasai egoteko eta egoera kritikoa bilakatzen bada neurriak hartuko dituztela. Baina Carlos Ventok esan zuen gure eraikinaren kontrako dron bat gelditu eta lehertu zutela. XXI. mendeko gerrate batean gaude, eta halakoetan zibilek sufritzen dute. Herrialdetik atera nahi dugu”.