Astekaria

"Misilak, eztandak... beldurrak jarraitzen du"

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 9a

Imanol Arregi teknikari irurtzundarra, Kuwaiten, erasoak hasi baino lehen. IMANOL ARREGI

AEBen eta Israelen erasoen ondorioz Ekialde Hurbilean sortutako gerratearen erdi-erdian dago Al Yarmouk taldeko Imanol Arregi teknikari irurtzundarra, Kuwaitetik ateratzeko esperoan

AEBek eta Israelek Iran eraso eta gero Ekialde Hurbilean eskualde osora zabaldu da gerra. Kuwaiteko Al Yarmouk taldeko Imanol Arregi entrenatzailea bete betean harrapatu du.

Zer moduz zaudete?
Tentsio egoeran. Arraroa da; batetik, badirudi egoera arrunta dela, baina tartean, sirenak eta eztandak entzuten dira. Beraz, barealdi tentsionatu batean gaude, lo gutxi egiten, eta urduri. Izan ere saltsaren erdi-erdian gaude. Gure etxea (Agustin Ibarra prestatzaile fisikoarekin eta Carlos Vento jokalariarekin bizi da) Salmiya hirian dago, AEB-en enbaxadatik 10 kilometrora. Beraz, pentsa. 

"Lasai egoteko esaten digute, baina, aizu, ni ez nago misilak ikustera ohituta"

Noiz hasi ziren eztandak?
Martxoaren 2an, igandetik astelehenera bitarteko gauean leherketa antzeko bat entzun nuen. Leihoa zabaldu, eta Kuwait aldera suzko elementu bat zetorrela ikusi nuen, eta lurretik beste suzko elementu bat abiatzen zela, eta hura harrapatu eta txikitu egin zuen. Nonbait, AEB-etako enbaxadara gidatutako misila zen, eta lurretik jaurtikitako antimisil ezkutuak harrapatu eta lehertu egin zuen. Misila gure begien aurrean erori zen. Gero beste hiru eztanda entzun genituen, eta sirenak ez ziren isiltzen. Sinestezina zen. 

Filme bat ikusten ari bazina bezala? Baina, tamalez, ez da filmea. 
Bai, sentsazio hori bera. Lasai egoteko esaten digute, baina, aizu, ni ez nago misilak ikustera ohituta. Egun osoan alarmak eta eztandak entzuten ditugu, eta, egia esan, beldurra ematen du. Egoera guztiz surrealista da. 

Enbaxadarekin harremanetan jarri zarete?
Bai, eta etxetik ez ateratzea gomendatu digute, soilik behar-beharrezkoa denean ateratzea. Kuwaiten kontra ez dagoela ezer esaten digute, lasai egoteko eta egoera kritikoa bilakatzen bada neurriak hartuko dituztela. Momentuz, aldaketarik ezean, aireko espazioa itxita dago, eta Kuwaitetik ateratzeko esperoan gaude. 

"Nik fitxatutako Venezuelako jokalaria nirekin igotzen utziko zuten galdetu nien, eta ezetz esan zidaten. Nirekin etortzen ez bazen, ez nindoala esan nien, argi eta garbi"

Ez dakizue noiz izan daitekeen?
Espainiako Gobernutik gaur (martxoak 5) autobus pare bat jarri dituzte jendeari Saudi Arabiara eramateko, baina aireportuan uzten dizute eta hortik aurrera norberaren ardura da hegaldia bilatzea. Jende askok bizpahiru egun daramatza aireportuan hegaldirik lotu gabe. Bestalde, ohiko hegaldi batek balio duenaren zazpikoitza edo zortzikoitza gehiago balio duten hegaldiak sor daitezke. Ahal dutenek hegaldi horiek hartu eta edozein herrialderantz abiatzen dira, gero beste hegaldiekin lotu eta etxera iristeko. Hau da dagoen protokoloa. Momentuz Espainiako Gobernuak pleitatu duen hegazkin bakarra atzo (martxoak 4) aireratu zen Omanetik. Nik deitu nien eta galdetu nien ea autobus horietako batean nik fitxatutako Venezuelako jokalari bat igotzen utziko zuten, Venezuelako enbaxadan ez diotelako kasu zipitzik egiten, eta ezetz erantzun zidaten. Jokalari hori nirekin etortzen ez bazen ni ez nindoala esan nien argi eta garbi. Eta gaineratu nien, Saudi Arabiara autobus batean eramateaz gain, etxera joan ahal izateko hegaldi bat ziurtatu behar zigutela, nahiz eta guk ordaindu behar izan. Hori gutxienekoa da.

Nolako egoera nahasia.
Bai, gainera gaurko gaua (martxoak 5) oso gogorra izan da. Hiru eztanda oso gogor entzun ditugu. Zorionez, ongi gaude. 

Kuwaitiarrak bizimodu arrunta egiten jarraitzen du?
Gure kasuan entrenamenduak eta liga gelditu dituzte, abisu berria jaso arte. Beraz, etxean gaude. Kuwaitiarrak nahiko lasai daude; kalera ateratzen dira, baina segurtasun neurriak hartuta. Egoera arraroa da, "normaltasunezko egoera" egoera anormal batean. Hala ere, nik uste dut inork ezin duela jakin zer gertatuko den, gerrek ez baitute inolako logika arrazionalik. Agintariek sortzen dituzte gerrak, eta gainontzeko guztiek sufritzen ditugu. Ikaragarria da.