Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketan ohorezko mailako hasierako ligaxkako bederatzigarren jardunaldia dago jokoan. Martxoaren 5ean, ostegunarekin, Irurtzun klubak Najerino hartuko du Biaizpe pilotalekuan, 19:30ean.
Eskuz banaka, Olaetxeak (Irurtzun) Fernandez (Najerino) izango du aurkari, eta eskuz binaka Igoa-Arbizuk (Irurtzun) Victor-Sanchez (Najerino).
Zortzigarren jardunaldian Oberenaren kontra aritu zen Irurtzun eta Oberenak irabazi zituen bi partidak. Buruz burukoan Francisco Javier Oskozek 2-0 hartu zuen mendean Haritz Salcedo (10-1 eta 10-0), eta binakakoan Oian Canabalek eta Unax Apeztegiak 2-0 irabazi zieten Iosu Olaetxeari eta Xhoe Lazkozi (10-8 eta 10-2).
Sailkapenean, Oberena da liderra (30 puntu) eta Irurtzun laugarrena (24 puntu).