Osasuna Magna Xotak sailkapenean hirugarren den Quesos El Hidalgo Manzanares hartu zuen martxoaren 7an Anaitasunan. Aurreikusi moduan, bizi-bizi hasi zen partida, eta bi taldeek aukera argiak izan zituzten. Talde irurtzundarrak gogor estutzen zuen eta 7. minutuan Ion Cerviño irurtzundarrak gol ederra sartu zuen area kanpotik egindako jaurtiketa bikainarekin. Pozak gutxi iraun zuen, berehala Manzanaresek bana berdindu baitzuen. Etxekoek ekinean jarraitu zuen eta Dani Saldise irurtzundarrak 2-1 aurreratu zuen Xota. Manzanaresek seigarren falta egin zuenez, penalti bikoitza izan zuen eskura talde berdeak, baina Antonio Navarro atezainak Pachuren jaurtiketa gelditu zuen.
Bigarren zatian talde irurtzundarra gogotsu atera zen kantxara. Albert Ortasek eta Korsunek harilkatutako jokaldia primeran borobildu zuen Dani Saldisek, eta Xota 3-1 jarri zen aurretik. Zoritxarrez, Manzanares loalditik esnatu zen eta 3-2 hurbildu zen markagailuan. Hortik aurrera bi taldeek gol aukerak sortu zituzten, eta partidak bizi-bizi jarraitu zuen. Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea, baina partida despeditzeko 23 segundoren faltan Manzanaresek hiruna berdindu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.
Miguel Hernandez entrenatzailea penatuta zegoen azken unean garaipenak ihes egin zielako, baina taldeak egindako partida ona eta Manzanares bezalako talde baten kontra puntu bati eustea balioan jarri zituen. “3-1 jarri gara aurretik, baina bigarren zatia luzea egin zaigu. Defentsan ongi egon gara, baina azken unean arerioari errebote bat erori zaio eta berdindu digute. Taldeak lana egiten du, oso zentratuta dago eta hori baloratu beharra dugu; lana egiten jarraitzeko balio digun puntu bat lortu dugu”.
Noia, hurrena
Lehen mailako ligako 21 jardunaldi jokatuta, momentuz El Pozo Murcia da liderra (49 puntu), Barçaren aurretik (44 puntu). Bi partida geratzen dira jokatzeko, eta sailkapena alda daiteke. Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (21 puntu), jaitsiera postuetatik 7 puntura. 22. jardunaldiaren barruan, martxoaren 14an Osasuna Magna Xotak sailkapenean bederatzigarren den Noia Portus Apostoli FS izango du aurkari Galizian jokatuko den partidan.