Pilota

GRABNI-a Irurtzunen hasiko da

Guaixe 2026ko martxoaren 13a

Nafarroa, 2025eo GRABNI txapeldun. NAFARROAKO PILOTA FEDERAZIOA

Martxoaren 14an eta 15ean jokatuko den lehen jardunaldian Nafarroak Iparralde du aurkari. Irurtzunek frontoiko eskuzko partidak hartuko ditu martxoaren 14an 

Hastear da afizionatuen mailako selekzioen arteko GRABNI txapelketa preziatua, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioen artekoa. 

Nafarroak txapelketaren defentsa egingo du, iaz bi modalitateetan gailendu baitzen, ezker paretako frontoian (frontoiko 28 finaletatik 18 irabazi zituen Nafarroak) eta trinketean (10 finaletatik 5). Aaron Arbizu eta Iosu Igoa pilotari etxarriarrek eta Gure Pilotako Maialen Larraza palistak lan ederra egin zuten, eta azken honek txapeletako bat jantzi zuen. Nafarroako selekzioa da bederatzi aldiz dobletea irabaztea lortu duen selekzio bakarra (2010, 2011, 2012, 2014, 2015, 2016, 2022, 2024 eta 2025). 

Nafarroako selekzioan 215 pilotari hautatu dituzte GRABNI-an aritzeko, jubeniletatik hasi eta senior mailar bitartean. Bertatik 55 talde sortuko dira, frontoi modalitatean (38 talde) eta trinketean (17 talde) lehiatuko direnak. Nafarroak ordezkari gehien aurkeztuko ditu txapelketara. Bizkaiak 50 talderekin parte hartuko du, Gipuzkoak 48rekin, Arabak 41ekin, Iparraldek 24rekin eta Errioxak 20rekin. Nafarroa txapelketa irabazteko faborito nagusia da. 

Frontoiko partidak Irurtzunen
GRABNI-ko lehen jardunaldia asteburuan jokatuko da, martxoaren 14an eta 15ean. Nafarroak Iparralde hartuko du. Tartean, frontoiko partidak Irurtzunen jokatuko dira martxoaren 14an Biaizpe pilotalekuan, 16:00etatik aurrera. Buruz buru, nesken eta mutilen jubenil mailako partidak, 22 urtez azpikoa eta seniorrena jokatuko dira; eta binaka, senior mailakoa.  

Astebururo jardunaldi bat jokatuko da. Bigarren jardunaldian Nafarroak Gipuzkoa hartuko du, eta hirugarrenean Nafarroak Araba. Laugarren jardunaldian Bizkaiaren kontra ariko da Nafarroa, Bizkaian, eta bosgarrenean Errioxaren kontra, Errioxan. Seigarren jardunaldian ezker paretako finalerdiak jokatuko dira Nafarroan, eta trinketekoak Errioxan. GRABNIko final handiak maiatzaren 1ean eta 2an erabakiko dira, Bizkaian.