Areto futbola

Saririk gabeko beste partida bat

Guaixe 2026ko martxoaren 16a

Talde irurtzundarrak berdintzeko aukera izan zuen, baina aukerak ez zituzten behar bezala borobildu. XOTA

Osasuna Magna Xotak 4-3 galdu zuen Noia Portus Apostoliren kontra, Galizian. Irurtzundarrek partida berdintzeko aukera izan zuten, baina zurtoinarekin egin zuten topo

Osasuna Magna Xota esku hutsik itzuli da Galiziatik. Noia Portus Apostoliren kontrako partidan 4-3 erori ziren Miguel Hernandezen mutilak. Bukaerara arte aukera garbiak izan zituen talde berdeak, eta berdinketa lortzear egon zen Pachuk zurtoinera egindako jaurtiketa batekin. Zoritxarrez, ez zen posible izan. 

Erritmo handiko partidan, Albert Ortasek 0-1 aurreratu zuen talde irurtzundarra, baina pozak gutxi iraun zuen, berehala bana berdindu baitzuen Noian. Xotak arrisku gehien sortzen zuen unean Noia 2-1 jarri ziren aurretik. Bigarren zatian Juan Pablo Cuellok bina berdindu zuen, eta lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Tarte oso laburrean Noiak bi gol sartu zituen eta 4-2 jarri zen aurretik. Miguel Hernandezek Korsun atezain jokalari jarri zuen eta Rivasek 4-3 gerturatzea lortu zuen. Irurtzundarrek berdintzeko aukerak sortu zituzten, tartean Pachuk zurtoinera bidalitakoa, baina markagailua ez zen mugitu eta 4-3 galdu dute irurtzundarrek. 

“Intentsitate handiko partida izan da, kontrako atera iritsi gara askotan, baina beraiek guk baino gehiago asmatu dute” azaldu zuen partida bukaeran Miguel Hernandezek. Entrenatzaileak aitortu zuenez, taldea “haserre dago, ez dugulako kontrako atean asmatu. Borrokatu dugu, baina partidetan borobilago aritu beharra dugu”. 

El Pozo Murcia da liderra (52 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (21 puntu), jaitsiera postuetatik 7 puntura. Orain ligak atsedenaldia hartuko du, kopa baitago jokoan. Ligako 24. jardunaldia apirilaren 3an jokatuko du talde irurtzundarrak, jaitsiera postuetan dagoen Family Cash Alziraren kontra, Alziran (13:00, LaLiga+).