Pilota

GRABNI-ko partidak, Irurtzunen eta Labrit berrituan

Guaixe 2026ko martxoaren 20a

Energia hobekuntza lanak eta bestelakoak egin dira Labriten. Martxoaren 20an GRABNI-ko jardunaldia hartuko du. UTZITAKOA

Bigarren jardunaldian Nafarroak Gipuzkoa hartuko du. Frontoiko bost partida Irurtzunen jokatuko dira, martxoaren 22an.

Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparralde selekzioen arteko GRABNI txapelketako bigarren jardunaldia Sakanara helduko da berriz. Nafarroak Gipuzkoa hartuko du, eta Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak frontoiko esku modalitateko bost partida hartuko ditu martxoaren 22an, igandea, 16:00etan. Zehazki, nesken junior buruz burukoa; nesken junior mailako binakakoa; nesken 22 urtez azpiko buruz burukoa; mutilen junior mailako buruz burukoa; eta mutilen junior mailako binakakoa. 

Horretaz gain, nabarmentzekoa da Labrit pilotalekuko berrikuntza lanak egin eta gero, Iruñeko Bombonerak hartuko duen lehendabiziko jaialdia GRABNI-a izango dela. Martxoaren 20an izango da, 20:00etan, eta frontoiko paletako bi partida hartuko ditu: senior mailako larruzko paleta, eta senior mailako pala motza. Martxoaren 21ean eta 22an bestelako jardunaldiak hartuko ditu ere bai.

Gainontzeko frontoiko partidak Lopez frontoian, Noainen eta NUP-eko frontoietan jokatuko dira, eta trinketekoak, aldiz, Mendillorri eta Larrabide trinketeetan.