1 Non dago Arua?
Uganda iparraldean, Moyon.
2 Noiz sortu zen?
Duela 35 bat urte.
3 Zeinek osatzen duzue elkartea?
Gizarte sentsibilitatea duten kristauek sortu zuten. Burlatan Moyoko apez bat ezagutu zuten, Grace Ayiga Waigo. Harekin lanean hasi ziren. Ondoren gobernuz kanpoko erakundea sortzea erabaki zuten. Zein premia dituzten jakinarazten digute, egin dezakeguna aukeratu eta erantzuna ematen saiatzen gara.
4 Zergatik behar du Aruak elkartasuna?
Leku guztietan bezala, gizarte eta komunitate arazoak daude. Zailtasunak. Gu askotan ez gara konturatzen gizarte zerbitzuak ditugulako eta erantzun automatiko asko daudelako: anbulantziak, ospitaleak, eguneko zentroak, kirolak, musika... Gu, nolabait, ase gaude. Moyon, berriz, erantzun gutxi eta behar handiak daude.
5 Zein arlotan lan egiten duzue?
Hasieran azpiegituren garapena izan zen. Gaur egun hiru arlo dituen Langeti proiektua dugu. Hiru arloek lotura dute, pertsonen beharrei begira.
6 Zein da aurrena?
Vura. Musika irakasten dugu, baina helburu nagusia da neskak eta mutilak elkarrekin lan egitea, elkarri errespetua izatea. Neska-mutil guztien beharrak eta desioak barne hartuta. Elkarlana. Jada ez dago nesken edo mutilen instrumenturik. Irakasleek ulertu dute beharrezko irizpide bakarra borondatea dela.
7 Zer da Manuela proiektua?
Behar bereziko neska-mutilei zuzenduta dago. Baita familia eta komunitatera begira ere. Haiendako ez dago inolako erantzun egonkorrik. Proiektua 2021ean jarri genuen martxan. Ideia da fisioterapia eta okupazio terapia egitea norbanakoen gaitasunak hobetzeko. Baina familiak ere ikas dezala zer egiten den fisioterapian eta okupazio terapian. Estigma ikaragarria dago eta saiatzen gara familiek ikas dezatela haur horiek ez direla gaiztoak edo jainkoaren "zigorra", komunitateko kide aktiboak direla. Aktibitate batzuetarako mugak dituzte, baina horrek ez du esan nahi ezin dutela ekarpenik egin. Okupazio terapiaren bidez eskulanak egiten dituzte, horiek saldu eta haur horien egoera hobetzen da. Haur horietako batzuk musika proiektuan sartu dira, normalizatzeko. Proiektuak sekulako eragina izan du, oso azkar. Kasu errazenetan aldaketa oso azkarra da. Proiektu hasieran familiei deialdi bakarra egin genien, orduz geroztik espontaneoki etortzen dira. Edo ospitalera joan eta guregana bidaltzen dituzte.
8 Azken proiektua?
Rudufe nekazaritza proiektua da, familiei aukerak emateko da. Nekazaritzarekin lotura duten jardueratan lan egin dezaketen neska-mutikoak aukeratu, eta familiarekin batera, ingeniari batekin lehen landatzen ez zituzten produktuen prozesu osoa ikasiko dute, esaterako, tomateak. Eta urte akaberan lortu den dirua familia bakoitzari emanen zaio, hurrengo urtean beraiek lan egiteko. Nekazaritzaren inguruan komunitatea sortzen saiatzen ari gara poliki-poliki. Behar bereziak dituzten haurren familiak aktibo izatea. Urte batez egin dugu, goiz da balorazioa egiteko.
9 Aruan antolatutako gizartearekin lan egiten duzue?
Elkarteak hango gobernuz kanpoko erakunde baten proiektua laguntzen du, harekin lan egiten dugu. Ni hamabi urtez han egon naiz. Zuzendaritza talde txiki bat dago eta hiru arlotan koordinazioa dago.
10 Nola iritsi zarete Irurtzungo elkartasun azokara?
Anitzarteaneko Begoña Zestau Baraibar han egon zen boluntario 2024an, eta haren bidez.
11 Lagundu nahi duenak zer egin beharko luke?
Azokara joatea zen aukera bat, bestea edo bazkide egitea. Mezenazgoagatik bazkideen zerga onurak dituzte. Informazioa solidariosconarua.org/eu webgunean dago. Erakundeek ere lagundu dezakete.