Antzerkiaren munduan bete-betean sartu da aurten Enara Urra irurtzundarra; Nafarroako hainbat oholtzatan ibili ez ezik, Irurtzungo Antzerki taldean jarraitzen du ere, "etxea" dela eta bertan asko ikasten duela esan du. Martxoaren 28an eta 29an mustu zuten lan berria: Juglares.
Zergatik antzezle?
Egia esan, ez dakit oso ongi zergatik. Txikia nintzenean gauza asko izan nahi nuen handitan, eta aktore ogibide bakarra da non edozer gauza izan zaitezkeen. Nik uste hortik doala gauza. Betidanik izan naiz oso dramatikoa, eta gustatu izan zaizkit antzerkiaren mundua eta abar. Eskolan antzerkiak egiten genituenean klaseko gehienek ez zuten nahi eta ni beti prest nengoen. Txikitatik banekien hori nahi nuela, eta etxean lagundu didate. Dantzertin, Bilbon, bi urtez egon nintzen eta gero Nafarroako Antzerki Eskolan.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona, baina bakoitza oso desberdina. Bakoitzak bere gauza onak eta txarrak ditu. Dantzertikoa unibertsitate gradu bat da, eta exigentzia oso handia zen. Antzerki Eskolan hasieratik ari ginen publikoarekin gauzak egiten.
Diziplinaren batean espezializatu zara?
Oso integrala da; Dantzertiken ez zegoen aukeratzerik eta Iruñean ere antzeko. Denetarik egin dut. Iruñean lehenengo urtean obra bat sortu genuen eta antzerki eta dantza uztartzen zituen, gestualagoa zen; fisikoagoa. Niri, egia esan, testuala gustatzen zait gehiago. Baina egia da musikala egitea gustatuko litzaidakeela. Hemen zaila da; akademiaren batera joan behar zara. Ez da batere erraza.
Zein da zure ibilbidea?
Azken urte honetan mila mobidatan sartu naiz. Profesionalki izan nuen lehenengo gauza ordezkapen bat izan zen. Egun batetik bestera deitu ninduten aktore batek ezingo zuela obra egin eta ez zutela bertan behera utzi nahi, eta ea testua ikasiko nukeen. TDiferentzia konpainiarekin izan zen eta pixkanaka mundu honetan sartzen hasi nintzen. Ez dakit nola baina gauzak ateratzen zaizkit eta bilatzen ditudanak ere aurrera ateratzen dira. Azken urte honetan 53X estreinatu dugu, Teatros Magicosekin ere beste lan bat egin genuen eta Leire Ruizekin Butaka78rekin ikastetxeetarako antzezlan bat egin nuen ere eta horrekin bira egin dugu: Lodosa, Zizur, Cintruenigo...
'53X' lana Irurtzunen prestatu zenuten.
Oso polita izan da Irurtzungo kultur etxean tailerrarekin hasi nintzelako eta obra batekin erresidentzia artistikoa egin dudalako. Gazteei bideratutako lan bat da, eta sormen prozesuan ere gazteak egon dira inplikatuta. Haien iritzia kontuan hartu da.
Nola prestatu zara?
Munduaren %80a islatzen duela esango nuke; bere kezkazk oso ongi islatzen direla esango nuke. Enpatia izan dezakete. Gainera, nire izaerarekin ere bat egiten du, eta paperarekin konektatzea erraza egin zitzaidan.
Eta Teatros Magicosen zer egiten duzu?
Massil Allach gazteak zuzentzen du konpainia, eta buruan sartu zitzaion obra bat egin behar zuela, antzezlan hori, eta aktoreak bilatu zituen. Cristobal Colonen istorioa kontatzen du, baina berrinterpretazio bat egin nahi izan du; beste modu batean.
"Aktore bezala gehiago exijitu dit; pertsonaia aldaketa gehiago izan ditut"
Erronka bat izan da?
Bai. Antzezlan horrek aktore bezala gehiago exigitu dit; pertsonaia aldaketa gehiago ditu eta ordu bat baino gehiago nago eszenean, energia beti goian egon behar da. Exijenteagoa izan da.
Butaka78arekin zein izan da zure lana?
53Xaren nahiko antzekoa da. Bi nerabe daude eta sare sozialetan publikatzen den argazki batekin arazo bat dute. Jendea komentatzen hasten da eta abar. Nerabeek sare sozialak nola erabiltzen dituzten eta eragin dezaketen mina kontatzen du. Gizarte langile batek idatzi zuen horrelako kasu asko ikusten zituela eta antzerkia horri buruz hitz egiteko aukera on bat izan zitekeela ikusi zuen.
Irurtzungo Antzerki Tailerran jarraitzen duzu.
Urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena. Jarraitu dut antzerki taldea beste gauza bat delako; ez dakit nola azaldu, antzerkia egiteko beste modu bat. Antzerkia egiteko modua zuzendariarekin aldatzen da, eta bakoitzarekin gauza desberdinak ikasten dituzu. Tailerrak formakuntza ematen dit, beste modu bateko antzerkia egiten ikasten dut, eta etxean bezala nago.
Aurten 'Juglares' egingo duzue. Zertan datza?
Angel Sagues urtero zerbait desberdina egiten saiatzen da, eta aurten inoiz baino desberdinagoa dela esango nuke. Duela gutxi bukatu genuen obra osotasunean, eta azken aste honetan finduko dugu. Istorioak ipuin baten antza du. Beste batzuetan kritika argiago bat da, eta aurten ez da fantasia baina istorio bat da, kontakizuna. Ez dut asko aurreratu nahi...
Nola uztartzen duzu dena?
Ikasten ari naiz ere. Nahiko segurola naiz, eta antzerkiaren mundu hau ikusita zerbait ikastea erabaki nuen. Praktikak egiten egon naiz, eta azken hilabeteak mugituak izan dira; bizitza soziala pixka bat sakrifikatu dut. Aurten bukatuko dut eta lasaiago egongo naiz.