Areto futbola

Azken segundoetan punturik gabe geratu zen Xota

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 30a

Garaipena eskuetan izan zuten berdeek, baina punteria faltak kondenatu zituen. XOTA

Osasuna Magna Xotak El Pozo Murciaren kontra galdu zuen etxean, azken unean. Gol aukerak ez probesteak talde berdea kondenatu zuten

Kopako geldialdia eta gero, lehen mailako areto futboleko liga itzuli zen. 23. jardunaldia zegoen jokoan eta Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia liderra hartu zuen Anaitasunan. Partida erritmo handian hasi zen hasieratik, eta bi taldeek jokaldi ederrak sortu zituzten. Xota erasoan saiatu zen behin eta berriz, eta azkenean Pachuk jokaldi indibidual ederra borobilduz 1-0 aurreratu zuen Osasuna Magna Xota. Xotak ez zuen erritmoa jaitsi eta erasoan jarraitu zuen, makina bat aukera sortuz, baina lehen zatian markagailua ez zen gehiago mugitu eta Asier Llamasek Xotako atea bikain zaindu zuen. 

Bigarren zatian erasora atera ziren bi taldeak. Geraghtyk Xotaren bigarren gola sartu zuen, zaleen pozerako. El Pozo lanean jarri zen, baina Asier Llamasen geldialdiengatik ez zuten nafarren atea gainditu. Xotak gol jokaldiak sortzen jarraitu zuen, baina ez zituen gauzatzen, eta horrek kondenatu zituen. Atezain jokalariarekin hasi ziren Murtziakoak. Gustavo Marraren eskuarengatik aldeko penaltia izan zuen El Pozok, eta 2-1 hurbildu ziren markagailuan. Horrek partida goitik behera aldatu zuen. Murtziarrek gora egin zuten eta Rafa Santosek bina berdindu zuen. Miguel Hernandezek Dani Saldise atezain-jokalari jarri zuen, baina partida bukatzeko segundo eskasen faltan El Pozok bi gol sartu zituen eta azken minutu madarikatu horretan Osasuna Magna Xotak 2-4 galdu zuen, Anaitasuna jota utzita. 39. minutuan 2-0 irabaztetik 2-4 galtzera pasa zen talde berdea. 

Datorrena
El Pozo Murcia da liderra (55 puntu) 5 puntura Barça duela (50 puntu). Osasuna Magna Xota hamalaugarren dago (21 puntu), jaitsiera postuetatik 6 puntura (15 puntu). Apirilaren 3an, ostirala, Osasuna Magnak Family Cash Alzira izango du aurkari Alziran (13:00, LaLiga+).