Areto futbola

Imanol Arregik Osasuna Magna Xotaren lema hartu du

Guaixe 2026ko apirilaren 13a

Imanol Arregi, Xotako entrenatzaile zela. XOTA

Hemendik denboraldi bukaerara arte Xotaren entrenatzaile izango da. Miguel Hernandezek klubean jarraituko du, bestelako lanetan.

Ligako azken jardunaldian Alziraren kontra erori ondoren (4-2), lehen mailari eusteko helburua estu tu zaio Osasuna Magna Xotari. El Pozo Murcia da liderra (58 puntu), Barçari 2 puntu aterata (56 puntu). Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (21 puntu), jaitsiera postuetatik 3 puntu eskasera. Beraz, liga despeditzeko geratzen diren sei jardunaldiak hil ala bizikoak dira talde irurtzundarrarendako. Taldeak ongi jokatzen du, baina jokaldiak borobiltzea da falta zaiona, golak sartzea. Kontrako atean gehiegi barkatzen dute. Xotak ez du inoiz etsitzen, hori jakina da, baina denboraldi bukaera honetan finago ibili beharra du. 

Egoerari konponbidea emateko asmoz, Xotak erabakia hartu du: Imanol Arregik Miguel Hernandezen tokia hartuko du Xotako entrenatzaile gisa denboraldia despeditzeko geratzen diren sei jardunaldietarako, eta Miguel Hernandezek klubean jarraituko du oraindik guztiz zehaztu ez diren bestelako lanak egiteko. Xotako juntatik azaldu dutenez, “Imanolek duen plantillaren ezagutzagatik eta Imanolek klubean duen itzalagatik” hartu dute erabakia. Halaber, juntak Miguel Hernandezek klubaren alde egindako lan guztia eskertu nahi du, eta klubean izango duen ardura berrian ·”dedikazio nekaezin berbera” izango duela ez dute zalantzan jartzen. 

Imanol Arregi, hiru denboraldi eta gero, Xotara itzuli da. Aurretik 23 urtez izan zen talde berdearen lemazaina. Gaur, astelehena, bertan, Kuwaiteko Al-Yarmouk taldearen askatasun gutuna jaso bezain pronto, Arregik Osasuna Magna Xotaren entrenamendua gidatuko du. 

Hurrena, Barça
Apirilaren 18an Osasuna Magna Xotak sailkapenean bigarren den eta lidergoagatik borrokatzen ari den Barça taldea hartuko du Anaitasunan, 19:30ean (Laliga+). Imanol Arregiri partida zaila tokatu zaio bigarren etapa honetan Xota berriro entrenatzeko, baina etxean dena ematera aterako dira jokalari berdeak.