"Batzuetan gutxi batzuk garela ematen badu ere, asko gara"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 16a

Iratxo elkartekoek Irurtzunera gerturatu zuten Korrikako lekukoa.

Maddi Urra Albizu, Rebeka Cuevas Redecillas eta Blanca Ilundain Etxeberria, Iratxo elkarteko lehendakaria, lehendakari ohia eta kidea. 

Maiatzean 42 urte beteko ditu Iratxo elkarteak. "Geroz eta indar gehiago hartzen ari da", lehendakariaren arabera, "gazte asko sartzen ari gara azken urteotan. Indarberritzen ari da". Bazkidetzan "hauspotzea" izan dela adierazi du lehendakari ohiak, "zeundenak gehi berriak, guztiok osatzen dugu elkartea". Lehen 107 ziren, orain 135 bazkide dira eta bazkide izateko eskaerekin itxaron zerrenda dute. Elkarteak botxategiaz aparte, mendi taldea eta kultura batzordea ditu. Beti bada zerbait, eta orain, buru-belarri, Sakanako Ibilaldi Handiaren antolaketan ari dira.

Korrikaren leloa 'Euskara gara' da. Nola zarete zuek euskara?
Euskaldun asko gaude. Sartu garen gehienak euskaldunak gara. Baina gure artean euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dugu, eta ez da euskara entzuten. Gutxitan. Adinduekin hitz egiterakoan, beharbada. Bestela, juntakideek bai. Asanbladak ele bitan egiten dira, beti lehen hitza euskaraz. Elkartean sartzen zaren momentuan euskararen alde egiteko prest egon behar zara. Horretan gabiltza. Kuadrilla batzuk, behintzat, euskaraz aritzen dira. Eta emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute. %60 euskaldunak gara. Gainera, Mintzakide talde bat bertan biltzen da euskara praktikatzera.

Zergatik erabaki duzue Korrikan parte hartzea?
Euskararen alde egiten duen ekimen polita da. Iratxok betidanik parte hartu izan du. Euskara gure hizkuntza da.

Zer sentitzen duzu Korrikan parte hartzean?
Hunkigarria eta berezia da. Poza. Ilusioa. Elkartasuna. Adin guztietakoak elkarrekin ikustea zerbait berezia da. Eta lekukoa eramatea izugarri hunkigarria da.

Euskararen aldeko zein lelo gustatzen zaizu gehien?
Betidanik entzun duguna: tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika. Hemen gaude euskararen alde! Edo Irurtzun ere euskaraz.

Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak?
Konpromiso pertsonala, laguntza, elkarrekintza eta bulkada kolektibo bat.

Zer ematen dizu Korrikak?
Energia. Batzuetan gutxi batzuk garela ematen badu ere, asko gara. Euskarak batzen gaitu. Euskara aurrera egiten ari da. Eta munduari mezua zabaltzen ari gara.