Astekaria

Sakanako Ibilaldiak 35 edizio beteko ditu eta El Salvador lagunduko du

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 20a

Manolo Moreno, Doris Vicente, Unai Razkin, Gorka Inda, Martin Montañes, Peio Goiatxe eta Maite Azpiroz, aurkezpenean.

Apirilaren 25ean, larunbata, Sakanako Ibilaldiaren 35. edizioa izango da, Iratxo elkarteak antolatuta. Hiru mendi martxetan izena ematea egiteko azken eguna apirilaren 22an da. Guztia antolatzeko inoiz baino boluntario gehiago dituztelako pozarren azaldu da antolakuntza. 

Apirilaren 25ean Sakanako Ibilaldiaren 35. edizioa izango da. Apirilaren 14an aurkeztu zuten Irurtzungo Iratxo elkarteko Manolo Morenok, Doris Vicentek eta Gorka Indak, Irurtzungo alkate Unai Razkinek, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko Martin Montañes Segurtasun Arloko kideak, Iratxoko kide eta El Salvador Elkartasunako Peio Goiatxek eta Lacturaleko Maite Azpirozek.

Elkartasunaren bidean
SOS Himalaya, UNRWA Gaza eta Paris 365 Fundazioa lagundu ondoren, aurten El Salvador Elkartasuna proiektua babestuko du Sakanako Ibilaldiak. Izena emate bakoitzeko 2 euro bertara bideratuko direla nabarmendu zuen Manolo Morenok, maiatzean egingo duten afari solidarioan eta bestelako ekarpenetan jasotzen denarekin batera. "Dagoeneko iaz sobratu ziren 125 kamiseta El Salvadorreko bidean daude". 

Gorka Indak azaldu zuenez, Atakondoa eskolako Guraso Elkartearekin jartzen dira harremanetan Ibilbide Txikia sustatzeko. "Horrekin batera, babesten ditugun elkartasun proiektuak txikienen artean zabaltzea ezinbestekoa dela ikusi genuen. Horrela, babestutako elkarteek hitzaldiak ematen dituzte eskolan. Haurrek galdera asko egiten dituzte, eta oso positiboa izaten ari da". 

Segurtasuna, ezinbestekoa
Azkeneko bi urteetan eguraldi txarra izan zen Sakanako Ibilaldian. "Mendizaleak gaizki ibili ziren, eta antolatzaileak ere bai. Lana biderkatu zitzaigun. Bukaerako gunea Atakondoako frontoian jarri behar izan genuen, jendea lohiez lepo iritsi zen, iritsi bezain pronto joaten ziren, elikagaiak sobratu ziren... pena" dio Morenok. Aurten eguraldi hobea egingo duelakoan daude, baina badaezpada baldintza guztietarako prest egon nahi dute. "Segurtasuna da gure kezka nagusienetako bat. Beroa egiten badu, hidratazio arazoengatik, hotza egiten badu, hipotermia arazoengatik... Jendeak ekipazio ona izan behar du, mendira ongi prestatuta joan. Beriain ia 1.500 metrotan dago, ez da txantxa. Iaz San Donato baselizara igo baino lehen bidea moztu eta Uharte Arakilgo portutik bideratu genuen jendea beherantz, eta aurten eguraldia kaxkarra bada, hala egingo dugu ere" gaineratu zuen. 

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioarekin elkarlanean segurtasunerako arau batzuk zehaztu dituzte Sakanako Ibilaldirako. "Mendi ekimenetan segurtasuna ez badugu bermatzen, gaizki goaz. Egun, nahiz eta sare sozialetan eta komunikabideetan zabaldu, jendeak ez die larrialdi eta segurtasun abisuei kasurik egiten. Horri buelta emateko, Federaziotik, eta Gobernuarekin elkarlanean, bi urte daramatzagu "Manta bat motxilan" ekimenarekin mendietan manta termikoak banatzen, informazio diptikoarekin batera. Mendira joateko ezinbestekoa da manta termikoa eramatea. Bero kolpeka ekidin ahal ditu, hotza egiten badu eta mendian arazoren bat izaten badugu bizitza salba diezaguke, eta larrialdi zerbitzuak gure bila joan behar badira, urre kolore horrekin azkar asko ikusiko gaituzte. Derrigorrezkoa da manta eramatea. Horrekin batera, mugikorra ongi kargatuta" azaldu zuen Federazioko Martin Montañesek. "Antolakuntzen arauak betetzea da beste arau bat; hori, beti". 

Maskotak eramaten badira, erantzukizun zibilaren asegurua indarrean izatea exijitu dute Iratxokoek, "maskotek istripuak sor ditzaketelako". Guztia zaintzeko bi anbulantzia egongo dira, nahiz eta federazioaren laguntza erdira jaitsi. "Urtean 50 probatik gora ditugu, dirutza handia da, eta egokitzapenak egin behar izan ditugu" zioen Montañesek. 

Martxak, betikoak
Sakanako Ibilaldiak hiru ibilbide antolatuko ditu, "betikoak, jendeak hori nahi duelako" azpimarratu zuen Doris Vicentek. Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m+), Beriain, Aralarko San Migel eta Erga batzen dituena; Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440m+), Madotz, Larrazpil eta Erga biltzen dituena; eta Ibilbide Txikia (14 km, 736m+), Erga, Latasa eta Arrantzaleen Bidea biltzen dituena. "Apirilaren 22ko 23:59ak arte eman daiteke soilik izena, online" argi eta garbi utzi zuen Vicentek. Hortik aurrera ez da jendea onartuko. Antolakuntzatik "oso eskertuta" daude "inoiz baino boluntario gehiago izango ditugulako, eta babesleen laguntzagatik". 

Lacturaleko Maite Azpirozendako "plazer hutsa" da Sakanako Ibilaldia babestea. "Kirola egitea eta egoki elikatzea sustatzen dugu, eta bertako probak".

El Salvadorren alde, 25 urtez
Peio Goiatxe medikua Iratxokoa eta El Salvador Elkartasuna Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) kidea da. "Gurea GKE txikia da, eta boluntarioek 25 urte daramatzagu El Salvadorrekin lanean. Sakanatik hainbat udalek jarraitzen dute El Salvador laguntzen, hitzarmenen bidez: Irurtzun, Altsasu, Urdiain, Etxarri Aranatz, Arbizu... jasotakoarekin hainbat proiektu bideratzen ditugu bertan". Iratxo elkartearen laguntzagatik "oso eskertuta" azaldu da, "are gehiago El Salvadorren egoera horren nahasia" denean. Jasotakoa El Salvadorreko iparraldeko emakumeen artean heziketa eta osasun sexuala lantzeko proiektura bideratuko dute, umetoki-lepoko minbizia eta bular minbiziaren prebentzioa egitera. "Gobernuak GKE-ko proiektuei zergak ezarri nahi dizkie, %30-40ekoak. Horrek proiektuak bideraezinak izatea ekarriko du". Egoeraz kontzientziatzeko apirilaren 17an Ivania Cruz Giza Eskubideen abokatuak Bukeleren diktadurari buruzko hitzaldia eman zuen Irurtzungo Kultur Etxean.