Astekaria

"Boluntario taldeak poztasuna eta jende berria ezagutzeko aukera eman dit"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 23a

Elkartasun azokaren ondoren, Irurtzungo boluntario taldekoak bazkaltzen. Ezkerrean, erdian, Barhouti. UTZITAKOA

Irurtzunen egiten diren hainbat ekimenetan ezinbestekoak dira boluntario taldeko kideak, haiek gabe jarduera askok ez bailukete aurrera eginen. Imane Barhouti Boluntario taldeko kidea da. 

1 Nolaz sortu zen boluntario taldea?
Elkartasun azokarako bilketarako eta beste zenbait ekintza egiteko jendea behar zela jabetu ziren antolatzaileak. Eta deialdia egin zuten. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilearekin elkarrizketak egin ziren eta, hala, boluntario taldeari forma ofiziala eman zioten.

2 Noiz sortu zen boluntario taldea?
Duela bi urte, 2024an, sortu zen. Ni lanean nenbilen eta ez nuen horren berri izan. Jakin bezain laster bat egin nuen boluntario taldearekin. Hamaika kide inguru gara. Batzuk aurpegiz ezagutzen nituen, besteak lagunak dira.

3 Nolaz sartu zinen taldean?
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilearekin hitz egin nuen duela hilabete. Bigarren eskuko elkartasun azokan parte hartzera animatu ninduen. Libre nagoenez, eta lagundu dezakedanez, animatu eta azoka aurreko bilketan laguntzen hasi nintzen.

4 Aurretik beste jardueraren batean parte hartu zenuen? 
Munduko Arrozetan askotan parte hartu dut.

5 Urtean zehar zer egiteko dituzue?
Bigarren eskuko azokarako arropa bilketan parte hartu genuen. Elkarrekin hizketan aritzen gara, gustura egoten gara elkarrekin, eta denbora azkar pasatzen da. Azokan bertan parte hartu genuen. Eta beste hainbat gauza: Munduko Arrozak, askotan emakumezkoak elkartzen gara, jostera, dantzara edo kantatzera elkartu... Gauza asko egiten ditugu. Adin eta jatorri anitzetakoak gara. Elkarri gure ohituren eta ospakizunen berri ematen diogu. Gauza desberdin asko, berriak, ikasten ditugu. Oso-oso gustura egoten gara.

6 Nola erabakitzen duzue noiz eskaini zuen lana?
Elkartu eta plangintza egin genuen, egunero zer egin behar dugun jakiteko. Gu antolatu beharra dugu data iristen denerako libre egoteko.  

7 Erakunderen batekin koordinatzen zarete?
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrekin harremanetan egoten gara.

8 Maiz biltzen zarete?
Bai, maiz, elkarrekin gauza asko egiten baititugu.

9 Zer ematen dizue boluntario izateak?
Poztasuna. Eta jende berria ezagutzea.

10 Zuen lana ikusten da? 
Jakina. Libre nagoenean eta jendearekin elkartzen naizenean, esaten dizute: “Munduko Arrozetan, edo bestean, ikusi nizun”. Eta gauzak nola egiten ditudan galdetzen didate. Edo dituzten zalantzak argitu nahi izaten dituzte. Horrek animatzen nau. Eta berriro egin dezakedala erakusten du.

11 Boluntario izan nahi duenak zer egin beharko luke?
Gurekin hitz egin dezala. Esaterako, nik nire lagun bati aipatu nion eta bigarren eskuko azokarako bilketan parte hartu zuen. Ongi pasatzen dugu.