Areto futbola

Barça, hitzordu zaila

Guaixe 2026ko apirilaren 17a

Imanol Arregi, Xotako bigarren faseko lehen entrenamendu egunean. XOTA

Osasuna Magna Xota talde irurtzundarraren egoera ez da erraza. Lehen mailako liga despeditzeko sei jardunaldiren faltan hamalaugarren da (21 puntu), jaitsiera postuetatik 3 puntura. Egoerari konponbidea emateko asmoz, Xotak Imanol Arregi entrenatzaile ohiarengana jotzea erabaki du. Arregik lehen taldearen ardura hartu, eta orain arteko zuzendariak, Miguel Hernandezek, klubean jarraituko du bestelako lanetan. Klubaren esker onenak jaso ditu.

Apirilaren 13an bertan teknikari irurtzundarrak Kuwaiteko Al-Yarmouk taldearen askatasun txartela lortu zuen eta Osasuna Magna Xotaren lehen entrenamendua gidatu zuen. Roberto Martil du bigarren entrenatzaile. Entrenamendua bukatuta, lehen adierazpenak egin zituen. Aurreko etapan 22 urtez entrenatzaile izan eta gero, ia hiru urte beranduago atzera ere taldearen ardura hartu du Imanol Arregik.

Barça, arerio gogorra
"Egoera zailean gaude; %100 lehiatu beharra dugu" argi esan zuen teknikariak. Aprilaren 17an Osasuna Magna Xotak sailkapenean bigarren den eta lidergoagatik borrokatzen ari den Barça hartuko du Anaitasunan, 19:30ean (Laliga+), hitzordu zaila. "Partidaz partida zentratu beharra dugu, horrek aterako gaitu egoera honetatik" nabarmendu du Imanolek. Argi du egungo egoera "denon ardura" dela. "Lehenik eta behin, hori asimilatu beharra dago; bigarrenik, egoera honetatik atera ahal izateko guztiok dugun guztia ematea".

Ez ditu espektatiba gehiegi sortu nahi. "Ni ez naiz mago bat; laguntzera etorri naiz. Entrenatzaileok jokalariek egiten dutenaren mende gaude. Beraiek dira partidak jokatzen dituztenak, historia honetan garrantzitsuenak". Horregatik, ardura eskatu zuen. "Mundu guztia arduratsua izan dadila, kontziente izan dadila estutu eta hobetu beharra dugula, egoera oso zaila baita". Azkenik, zaleei keinua egin die. "Une hauetan zaleak asko behar ditugu, euren babesa".

Klubarekiko konpromisoa
Bere itzulera egoera zaila eta deserosoan eman dela ez du ukatu. "Ez da erraza izan. Egoera ezatsegina da, ez da egoera ideala, baina deitzen badidate egin beharra dut. Nire kluba da, eta badakite nire beharra dutenean hemen egongo naizela".