Osasuna Magna Xotak Barça hartu zuen Anaitasunan, lehen mailako 25. jardunaldian. Lehen mailari eusteko helburuarekin jokoan zeuden puntuak lortzera atera zen Xota, Imanol Arregi entrenatzailearekin. Barçak, sailkapenenean bigarren, lider jarri nahi zuen. Beraz, asko zegoen jokoan.
Lehen zatian bi taldeak parez pare aritu ziren. Partidari intentsitate handiz eta erritmo biziarekin ekin zioten bi taldeek. Arbitroak errebisatutako jokaldian Geraghty kanporatu zuen txartel gorria ikusita eta Barçako Catelak Palazonek zaintzen zuen atea zulatu zuen. 0-1. Osasuna Magna Xotak erasoan jarraitu zuen eta trantsizio bati esker Dani Saldisek gurutzatutako errematean bana berdindu zuen Xotak, Anaitasunan bildutako zaleen gozamenerako. 1-1. Partidak intentsitate handiz jarraitu zuen, bai taldek falta dezente bildu zituzten eta atsedenaldirako minutu baten faltan Barçaren seigarren faltak mesede egin zion Xotari. Tamalez, Barçako atezainak, Feixas-ek, Linharesen jaurtiketa gelditu zuen, eta kontraeraso azkarrean Pitok 1-2koa ezarri zuen markagailuan. Atsedenaldira sentsazio txarrarekin joan ziren Imanol Arregiren mutilak.
Bigarren zatian behin eta berriz saiatu zen Xota, baina Barçak ez zituen 3 puntuak alferrik galdu nahi, eta denborak behar bezala kudeatuz, partida sententziatu zuen, 1-5 irabazita.
“Lehen zatia ona izan da, baina bigarrena ez eta Barça gu baino gehiago izan da” esan zuen, argi eta garbi, Imanol Arregi entrenatzaileak. Lehen mailari eusteko borrokan, aurretik “lan handia” dutela gaineratu zuen teknikariak. “Gauza askoz ere gehiago egin beharra dugu. Intentsitatean ongi egon gara, baina erasotzerakoan ordena behar dugu, mugikortasuna. Korrika azkarrago egin baino, pentsatzea falta zaigu, ongi kokatzea. Desordenatu gara. Gutxika joan beharra dugu. Ea aste honetan hobetzean goazen eta datorren jardunaldirako hobe gauden”. Talde ohia berriro entrenatzeak sortutako emozioez galdetuta, “hasiera emozio handikoa” izan dela aitortu du, baina taldea dagoen egoeran egonda ez duela gustuko. “Ez da egoera atsegina. Altxatu, eta aste guztian barna lan egin beharra dugu, Interren kontrako partidara ongi iritsi eta hobeto aritzeko”.
Movistar Inter, Madrilen
Anaitasunako garaipenaren ondoren, Barça da lider berria (59 puntu), El Pozo Murcia bigarrenarekin puntutara berdinduta (59 puntu). Osasuna Magna Xotak hamalaugarren postuan jarraitzen du, jaitsiera postuetatik 4 puntutara, egoera zailean. 26. jardunaldian Movistar Inter du aurkari Osasuna Magna Xotak Torrejonen (Madril), apirilaren 24an, ostirala (20:45, LaLiga+). Imanol Arregiren mutilek hitzordu zaila dute aurretik.
Atsedenaldian gertatutako liskarra
Xotan dagoen tentsio handiaren isla, atsedenaldian liskarra egon zen. Nonbait, Tatono Arregi Xotako presidentea oso modu txarrean zuzendu zen Barçaren entrenatzaile Javi Rodriguezengana. Zaplaztekoren bat egon zela ere aipatzen da. Ingurukoek berehala geratu zuten guztia. Gauzak honela, klubak komunikatua atera du gertatutakoarengatik barkamena eskatzen.
“Klubak onartzen du bere presidenteak guztiz desegoki jokatu zuela Javi Rodríguez Barçako entrenatzailearekin, eta jokabide hori erabat deitoratzen dugu, gure erakundeak ordezkatzen dituen printzipio eta balioen aurkakoa baita.
CD Xota FS-k barkamen zintzoenak eskatu nahi dizkie Javi Rodriguezi, bere talde teknikoari eta Barçari, beti harreman bikainak izan ditugun klubari, baita zaleei, lehiaketari eta futbolean parte hartzen duten guztiei ere. Badakigu gertatutakoa ez dela kirol profesionalak eskatzen duen errespetu eta jokabide eredugarriaren mailara iristen.
1978an sortu zenetik, CD Xota FS-k bere identitatea errespetua, ahalegina, apaltasuna, elkartasuna, talde-lana eta joko garbiarekiko konpromisoa bezalako balioetan eraiki du.
CD Xota FS-k kirolaren balioekiko duen konpromisoa berresten du eta gogor lan egingo du interesdun guztien konfiantza berreskuratzeko, horrelako egoerak berriro ez gerta daitezen ziurtatuz.
Barkamena eskatzen dugu berriro eta eskerrak eman nahi dizkiegu zale, talde eta kirol hau maite duten guztiei erakutsitako ulermenagatik”.