2023ko maiatzean Nerea Balda Sanjuanek Azpimarrak liburua kaleratu zuen. Selva eta Andreu dira protagonistak; Selvak ama izan nahi du baina gertaera latz batek kolokan jartzen du asmo hori eta une kritiko horretan Andreurekin topo egiten du. Apaldiko ezagunak dira, eta Andreu ere une kritiko batean dago. Hortik abiatzen da haien arteko harreman eta horretan mugitzen da liburua, idazle irurtzundarrak azaldu duenez. Hiru urte geroago, atzo, Liburuaren Egunean, Ana Balda Sanjuan ahizpak egindako itzulpena aurkeztu zuten: Entre líneas.
Zergatik gaztelaniazko itzulpena egin?
"Amak beti Nerearen lanak itzultzeko esaten zigun; behar domestiko batetik sortu zen"
Ana. Oso gauza sinplea. Ama erdalduna da. Bere aita euskalduna zen, Irañetakoa, eta gure aitaren gurasoak ere euskaldunak ziren, baina gerra ondoan jaio zirenez, ez zuten transmititu. Gure ama eta beste ama batzuk ere, nik erdaraz ikasi nuen, eta Nereak euskaraz. Gure amari asko gustatzen zaio irakurtzea, eta ama guztiei bezala gustatzen zaie seme-alabek egiten dutena. Nereak idazten dituen olerkiak eta egiten dituen gauzekin ama txalotzera joaten da; baina ez du ulertzen. Orduan, esaten zigun: itzuliko didazue... Egun batean gabonetako opari bezala egiten hasi nintzen. Nahiz eta erdaldunak izan, euskara eman diote seme-alabei, eta pena da irakurtzeko aukera ez izatea. Horrela egin nuen. Hasi nintzen eta horrela sortu zen. Behar domestiko batengatik.
"Behin lana egina badago, zergatik ez aukera eman beste batzuei irakurtzeko?"
Nerea. Halako batean esan zidan: hau itzultzen ari naiz. Nik noizbait buruan izan dut; aurreko liburuarekin hasi nintzen Anak esan duenagatik, amak eskatzen zuelako. Baina ez nintzen eroso sentitzen, ez nuen nire burua ikusten, eta utzi nuen. Buruan nuen baina ez nion inoiz heldu. Bera hasi zenean oso ongi iruditu zitzaidan. Eta behin bukatuta eta aurrera eginda, pentsatu nuen: lan hau egina badago, zergatik ez aukera eman beste batzuei ere irakurtzeko. Irurtzunen jende askok agertu du nire lanagatik interesa, sariak jaso ditudanean, eta arrazoi batengatik edo bestengatik ezin dute irakurri. Askotan esan didate ea erdaraz kaleratuko ditudan. Horiei ere aukera bat ematea. Beraz, behin lan hori eginda zegoela, txukundu eta bukatuta zegoenean Ereini proposamena egin nion. Esan nien: hau daukagu. Begiratu zuten eta baiezkoa eman zuten.
Noiz egin zenuen?
A. 2024ko gabonetarako izan zen; oparia izateko. Argitaratzeko denbora pasa da. Buelta asko ematen dira; nik ez dut sekula idatzi liburu bat.
N. Itzulpenaren proposamena egin genienetik baiezkoa eman arte boladatxo bat pasa zen; argitaletxeek eskuizkribuak jasotzen dituzte eta abar. Iaz eman zuten baiezkoa, urte bat pasa da, argitaratu arte. Argitaletxeek plangintzak izaten dituzte, aurten liburu kopuru bat argitaratuko dute, eta datorren urterako, aurten, argitaratzeko baiezkoa eman ziguten. Egia da luzatzen dela. Edizioa dago, zuzenketak...
Ana, nolako lanketa egin duzu?
A. Askotan egin izan ditut lanerako itzulpenak, artikuluak, gauza laburrak, teknikoak eta objektiboak, nolabait. Nik ez dut inolako ikastarorik egin, eta honekin hasi nintzenean konturatu nintzen zerbait sortzaileagoa izan behar nintzela. Ezin da itzulpen zuzena izan. Batzuetan oso zaila da, ez dut sekula egin. Irakurtzen duzu eta liburuan jartzen duena gauza bera erdaraz jartzea eta batzuetan ez duzu lortzen. Orduan, irakurtzen duzu beste behin, eta hau gaizki gelditzen da, hau oso kolokiala... Buelta asko. Eta hau nola esango zenuke? Lanketa desberdina da. Esaldi bat ez da esaldi bat; barrutik esanahi dauka, eta euskaraz zer esan nahi duzun eta gero erdaraz esatea, sentimendu berdinarekin eta entonazio berdinarekin... Hori da zailena egin zaidana. Itzulpenak egin ditut, hori ez da hain zaila egin; literatura itzultzea zailagoa ikusten dut.
Behin baino gehiagotan deitu eta elkarrekin egin duzue? Konplizitatea garrantzitsua izan da?
N. Gero berak egindakoa niri pasa eta nik orraztu dut. Honek ona dauka itzulpeneko hizkuntza badakidala eta ulertzen dudala; menperatzen dut. Alemanierara itzuliko balute, nik ez nuke jakingo, eta ezingo nuke esan horrela edo horrela den. Baina gaztelaniaz bai. Nik irakurtzen nuen eta hau bai edo hau ez, hemen galdu du eta beste esaten nuen. Pixka bat fintzea posible izan dugu.
A. Nereari ongi etorri zaio konfiantza hori izatea eta esatea: Ana, hau horrela ez... Inongo filtrorik gabe. Orduan, begiratu eta beste modu batera jarri dut.
N. Gertatu izan da ere nik esatea hau ez da horrela eta berak baietz eta baietz horrela dela. Eta nik ezetz, ez dela horrela esaten, eta hirugarren batengana jo; amari galdetzea, adibidez. Konfiantza hori ongi egon da.
Orduan, ez da amarendako sorpresa izan?
A. Bai, bai. Sorpresa izan zen. Lehenengo bertsioa word batean egin genion, eta argitaratzearena enteratu ginenean findu genuen.
N. Argitaletxeak ere proposamenak eta zuzenketak egiten ditu, beste orrazketa bat, eta horrekin ere ibili ginen bueltak ematen.
Aurkezpena egin duzue, prozesuaren parte da, ezta?
N. Liburuaren egunean egin dugu, edozein liburu aurkezteko egun egokia da, baina hau aurkezteko are egokiagoa, izan ere, istorioaren abiapuntua Sant Jordi eguna da eta Katalunian kokatzen da, eta liburu batek ere garrantzia du. Orduan, beste esanahai bat ere badu eta nahiko kasualitatez izan da egun horretan, eta kasualitateak ere garrantzia handia badu liburuan ere. Egia esan, oso ongi etorria eguna.
Itzulpen gehiago etorriko dira?
A. Orain amak nahiko du.
N. Uda baino lehen hirugarren liburua aurkeztuko dut, Zure arnasa zaintzeko, eta Anak esan zuen horrekin hasi beharko zela. Azken bertsiora arte itxoiteko esan nion. Egia da Azpimarrak argitaratu zenetik denbora pasa dela, eta nik uste hori ere ongi dagoela, euskarazkoak bere bidea egin duelako. Idazle handiek nahiko batera argitaratzen dute, eta euskarazkoa iristen ez den tokitara irits daiteke. Baina batera aterako balira, ziur euskaraz irakurri duen jende askok gaztelaniaz irakurriko lukeela. Horrela euskaraz irakurri eta ulertu dute. Hori ere inportantea da.