Areto futbola

Xotak ur handitan jarraitzen du eta Imanolek "ardura" eskatu du

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 27a

Taldeak esnatu beharra duela dio Imanol Arregik. XOTA

Movistar Interrekin galdu ondoren jaitsiera postuetatik 3 puntu eskasera dago, eta apirilaren 28an Industrias Santa Colomaren kontra puntuak batu beharrean dago. Imanolendako "tamalgarria" izan da eta jokalariei ardura eskatu die.

Lehen mailako areto futboleko ligako 25. jardunaldian Osasuna Magna Xotak arerio latza izan zuen Torrejonen: Movistar Inter. Tentsio handiko partida aurreikusten zen, eta hala izan zen, hasiera-hasieratik, arbitroak txistua jo eta berehala hasi baitziren erasoak. 3. minutuan Interrek Xotaren atea zulatu zuen. Hortik aurrera, bi taldeek aukera ederrak izan zituzten, baina atezainak primeran aritu ziren. Lehen zatiko erdialdean Korsunek bigarren txartel horia ikusi zuen eta arbitroak kanpora bidali zuen. Eta segidan iritsi zen Interren bigarren gola. Madrildarrek bosgarren falta egin zuten, baina Xotak ez zuen gola sartzea lortu. Bi taldeek jokaldi ederrak sortu zituzten, baina baloia ez zen sartzen. Atsedenaldia baino lehen hirugarren gola sartu zuten madrildarrek eta 3-0 aurretik joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatia hasi eta berehala laugarren gola sartu zuen Interrek. Xotak bere gola nahi zuen, baina ez zuten asmatzen. Dani Saldisek bigarren txartel horia ikusi zuen eta atzera ere jokalari bat gutxiagorekin geratu zen talde berdea, berehalako eragina izan zuena: Interren bosgarren gola, 5-0. 

Imanol Arregik Aimar Iraurgi atera zuen kantxara eta altsasuarrak partida goitik behera aldatu zuen, jokaldi ederrak sortu baitzituen. Baina horrela ere, ez zuten markagailua mustu. Partida bukaerarako 6 minuturen faltan Imanolek Pachu atezain jokalari jarri zuen, baina hartutako arriskua ez zen ongi atera eta Interrek beste bi gol sartu zituen, 7-0. Ortasek bigarren txartela horia ikusi zuen eta aldageletako bidea hartu zuen, eta 7-0 galduta, kolpe handia jaso zuen talde irurtzundarrak. Txartel horiek min handia egin zioten talde irurtzundarrari. 

Imanolek ardura eskatu du
Imanol Arregik Movistar Interri “erraztasun handiak” eman zizkiotela azaldu zuen. “Ez gara partidan egon. Nire bizitzan ikusi dudan Xotarik okerrena da: ordenarik gabekoa, ardurarik gabekoa... Maila ez galtzeagatik borrokatzen ari gara eta badirudi ez dakigula zer dugun jokoan. Bi gol baloiak galtzeagatik etorri dira, erraz joan zaizkigu, kanporatu gaituzte... Tamalgarria izan da”. 

Aimar Iraurgi zoriondu zuen. “Aimar atera da asteartean beste partida bat dugulako, eta bati baino gehiagori koloreak atera dizkio. Ikasi beharra dugu, bestela zilarrezko mailara goaz, argi eta garbi. Espabilatu beharra dugu. Bi partidatan 12 gol jaso ditugu. Askoz ere arduratsuagoak izan beharra dugu. Hau ezin da berriro ere errepikatu” nabarmendu zuen. 

Apirilaren 28an, Santa Coloma arerio
Sailkapen orokorrean Barça da liderra (62 puntu), 2 puntu eskasera El Pozo Murcia duela (60 puntu). Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (21 puntu), jaitsiera postuetatik 3 puntura. Lehen mailako 27. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Kataluniako bidea hartuko du sailkapenean bederatzigarren den Industrias Santa Colomaren kontra jokatzeko, apirilaren 28an, asteartea (20:30, LaLiga+).