Saskibaloia

CBASK, Lauko Finaleko txapelduna

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 27a

CBASK Narum Fisioterapia, ligako txapelduneko trofeoa jasotzen, pozarren. NAFARROAKO SASKIBALOI FEDERAZIOA

Final estuan Noain mendean hartu eta mutilen bigarren mailako ligako titulua irabazi zuten altsasuarrek

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeko mutilen seniorrak ginga jarri dio denboraldiari, Lauko Finalean gailendu eta mutilen bigarren mailako ligako titulua irabazita, merezimendu osoz. 

Asteburuan Noainen jokatu zen mutilen bigarren mailako Lauko Finala. Apirilaren 25eko finalerdietan, CBASK Narum Fisioterapia taldeak Larraona Claret izan zuen aurkari. Bi taldeek saskibaloi partida itzela jokatu zuten, afizioa sortzen dutenetakoa, partida oso lehiatua, 3 puntu eskasengatik CBASK-en aldera erori zena, 77-80. Beste finalerdian etxeko taldeak, Noainek, 91-79 irabazi zion Humiclimari. 

Lauko final handia apirilaren 26an jokatu zen, igandean. Kasu honetan ere, finalean nor baino nor aritu ziren bi taldeak. Atsedenaldira 30-43 aurretik iritsi zen CBASK, eta bigarren zatian aldeari eustea lortu zuten altsasuarrek, azkenean 64-77 irabazi eta mutilen bigarren mailako titulua eta kopa lortuaz. 

Etxera bueltan, ospakizunek Altsasun izan zuten segida. 

Hurrenak, neskak
Nesken lehen senior mailan CBASK Xabi Gorriz Micropigmentacion taldeak ligako azken partida jokatu zuen asteburuan. Altsasuarrek 61-53 irabazi zioten San Ignaciori, eta lehen fasea hirugarren postuan despeditu dute (46 puntu), jokatutako 26 partidetatik 20 irabazita. Lehena Liceo Monjardin izan da (49 puntu), eta bigarrena Navasket SF´Old (48 puntu). 

Lehen lau taldeek, aipatutako hirurek eta Payvi taberna Sanduzelaik, aurki ekingo diote ligako titulua erabakitzeko play-offei edo Lauko Final handiari.