Osasuna Magna Xota Kataluniatik esku hutsik itzuli da. Apirilaren 28an jokatutako lehen mailako ligako 27. jardunaldian talde irurtzundarrak Industrias Santa Coloma izan zuen aurkari, eta ez zuen zortea alde izan. Xehetasun txikiengatik eta punteria faltagatik punturik gabe itzuli dira etxera, azken minutuan galdu eta gero.
Xotak ongi hasi zuen partida. Lehia erritmo handiz eta alternatibekin hasi zen. Bi taldeek aukera ederrak sortu zituzten, Asier Llamas eta Ferreira atezainen geldialdi bikainek zapuztu zituztenak. Berdeek sentsazio onak zituzten, eta aukerak sortu zituzten. Baina punteria faltak, berriro ere, ez zituen gauzatu. Xota hobeki zegoenean iritsi zen Santa Colomaren lehen gola, eta atsedenaldia baino lehen errebote bati esker bigarrena sartu zuen talde kataluniarrak, Xotarendako zigor handia.
Bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren berdeak. 25. minutuan Korsunen erremate bikainari esker 2-1 gerturatu zen Xota. Jokoa estua bilakatu zen, eta bi taldeak faltez kargatu ziren. Santa Colomak seigarren falta egin eta gero, Jhonatan Linharesek binakako berdinketaren gola sartu zuen 37. minutuan, penaltiz. Bi taldeak garaipenaren golaren bila segitu zuten. Tamalez, azken segundoetan Santa Colomak gola eta garaipena lortu zuen, 3-2. Xota, aldiz, berdinketaren punturik gabe geratu zen, porrot mingotsarekin.
“Emaitza ez da justua izan" azaldu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. “Partida oso paretsua izan da. Uste dut taldeak askoz ere gehiago merezi izan duela. Gaur taldeak borrokatu du, nahi dugun irudia eman du” gaineratu zuen. “Irabazi edo gal dezakegu, baina talde honek 40. minuturaino borrokatzen du eta hori da gaur egin duguna. Ihes egin digu, baina ez da justua izan”.
Derbi mingarriaren ateetan
Oraindik ez da 27. jardunaldia despeditu. Emaitza horien faltan, Barçak jarraitzen du lider (62 puntu), El Pozo Murciaren aurretik (60 puntu). Beheko postuetan, Osasuna Magna hamalaugarren da (21 puntu), eta jaitsiera postuetan daude Family Cash Alzira (18 puntu), hamabosgarren, eta ATP Iluminacion Ribera Navarra (11 puntu), hamaseigarren. Tuterako taldea mailaz jaitsi da eta Alzirak gaur jokatuko du Cordobaren kontrako partida. “Alzirak egiten duena alde batera utzita, ligari eustea gure eskuetan dago” argi utzi du Imanol Arregik.
Horregatik, ligako 28. jardunaldian Osasuna Magna Xotak eta Ribera Navarrak Anaitasunan jokatuko duten derbia ez da batere gozoa izango. Tristea, Ribera Navarrak maila galdu duelako, eta Xotarendako ezinbestekoa, bizirauteko 3 puntuak behar dituelako. Derbia maiatzaren 1ean jokatuko da, 20:30ean (LaLiga+). “Santa Coloman borrokatu dugun bezala borrokatu beharko dugu”.