Lehen mailako areto futboleko ligan 28.jardunaldia jokatu zen. Salbazioagatik borrokatzen ari den Osasuna Magna Xotak ligan azkena den eta bigarren mailara jaitsi den ATP Iluminacion Ribera Navarra hartu duen Anaitasunan orain arteko derbirik tristeenean, Tuterako taldea jota dagoelako, eta Irurtzungoa puntuak batzeko lehian. Nolanahi ere, bi taldeek derbi borrokatua eskaini nahi izan zieten euren zaleei, eta bi taldeak erasora atera ziren hasieratik.
Pachuk mustu zuen markagailua, bolea indartsu batekin. Xotak abantaila handitu nahi zuen, eta Erriberakoek partidari buelta eman. Dani Saldiseren pase bikaina probestuz Andres Geraghtyk Xotaren bigarren gola sartu zuen, 2-0. Ribera Navarrak seigarren falta egin zuen, penalti jaurtiketa Xotarendako, baina Jhonathan Linharesek jaurtitako penaltia geratu zuen Ribera Navarrako atezainak. Atsedenaldira joatear zirela, Linharesek beste penalti bikoitza sartzeko aukera izan zuen eta kasu honetan ez zuten huts egin. 3-0 jarri zen Xota aurretik.
Bigarren zatian bi taldeek euren aukerak izan zituzten, eta bi atezainek lana egin behar izan zuten. Albert Ortasek laugarrena sartu zuen, talde berdearekin bere lehen gola. Cerviñok eta Mendivek aukerak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Erriberakoek ez zuten etsi, eta erasoan jarraitu zuten; jokalari berdeek berdin. Partida despeditzeko minutu eta erdi geratzen zenean Ribera Navarrak gola sartu eta 4-1 gerturatu zen, baina ez zen gehiagorako denborarik izan eta salbaziorako hiru puntu ezinbesteko batuta, arnasa hartu zuen talde irurtzundarrak.
Erlaxatu gabe
Imanol Arregik azaldu zuenez, “partida ona egin dugu, hobeak izan gara. Santa Coloman izan genuen defentsa maila izan dugu eta erasoan eraginkorragoak izan gara. Bizitza jokoan genuela nabaritu behar zen, eta hala izan da”. Nolanahi ere, teknikariak ez du erlaxatu nahi. “Hau ez da bukatu. Egin beharrekoa egin dugu eta orain jarraitu beharra dago. Oraindik bi partida ditugu aurretik; bide beretik jarraitu beharra dugu, eta talde gisa hazten jarraitu”.
Hurrena, Jaen
Lehen mailako sailkapenean Barça da liderra (66 puntu), El Pozo Murcia bigarrenarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota hamalaugarren da (24 puntu), jaitsiera postuetatik 5 puntura. 29. jardunaldian, ligako azken aurrekoan, Xotak Andaluziako bidea hartuko du, sailkapenean zazpigarren den Jaen Paraiso Interiorren kontra jokatzeko. Partida maiatzaren 9an jokatuko da, 19:30ean (LaLiga+).