Areto futbola

Xota A-ko neskak, txapeldunak

Guaixe 2026ko maiatzaren 6a

Nesken lehen maila autonomikoko igoera fasea irabazi du Xota A-k, bi jardunaldiren faltan. Kopako multzoan Xota lidergoagatik borrokatuko da azken jardunaldian.

Nesken lehen maila autonomikoko igoera fasea despeditzeko bi jardunaldiren faltan, Xota A taldeko neskek liga irabazi dute, eta pozarren ospatu zuten Irurtzunen. 

Izan ere, Xota A liderrak Mendialdea A bigarrena hartu zuen maiatzaren lehenean Atakondoan, igoera faseko hamahirugarren jardunaldian. Partida oso estua izan zen, sailkapenean goian dauden bi aldeen artekoa eta bi taldeak hasieratik intentsitate handiarekin hasi ziren. 11. minutuan Mendialdeako Nerea Garrizek Amaia Martinezek defendatzen zuen Xotaren atea zulatu zuen eta 0-1 aurreratu ziren Berriozarkoak, baina 5 minutu barru Alazne Garcesek bana berdindu zuen eta une horretatik aurrera lehia are gehiago gogortu zen. 30. minutuan Alazne Garcesek Xotaren bigarren gola sartu zuen eta markagailua ezin hobeki defendatu zuten irurtzundarrek, garaipena lortuaz (2-1). 

Lehen maila autonomikoko igoera faseko hamabi jardunaldi jokatuta, Xota A da liderra (36 puntu), partida guztiak irabazita eta Xota A-k irabazi du liga, merezimendu osoz. Irurtzundarrak onenak izan dira, eta 10 puntu ateratzen dizkiote Mendialdea A bigarrenari (26 puntu). Hamahirugarren jardunaldian Xota A-k Caparroson jokatuko du, Azkarrena taldearen kontra. Partida maiatzaren 8an jokatuko da (20:30). 

Kopako multzoa
Nesken lehen maila autonomikoko kopako multzoan asteburuan ez zen jardunaldirik jokatu. Asteburuan hamargarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Xota B-k Union Tutera du aurkari maiatzaren 8an, 20:30ean, Tuteran. Mendialdea B liderrak (18 puntu) atseden jardunaldia duenez, bigarren den Xotarendako (15 puntu) aukera bikaina da.