Akaborro industrialdea eta herrigunea bereizten dituen kalea, Bi Ahizpe kalearen atzekoa, asfaltatu du Irurtzungo Udalak. Horren ondoren pinturarekin seinalizazio horizontala jarri du. Lan horretara udalak 20.000 euro bideratu ditu.
Bestetik, Irurtzungo Udalak 9.000 euro bideratu ditu San Martin jubilatu elkartean aire giroko makina jartzera. Aparatuari esker elkarte barruan dauden pertsonendako bero handiko garaiak samurragoak izanen dira. Parte hartze aurrekontuen bidez klima babeslekuen alde egin zuten irurtzundarrek. Irurtzungo Udalak jubilatu elkarteko lan horretaz aparte, plazaren urbanizazio berria egitean berdegune bat sortuko du bertan. Ez da udalak jubilatu elkartearen aurten egin duen lan bakarra. Egoitza bitan banatzea ahalbidetzen duen pareta mugikorra jarri zuen otsailean.
Azkenik, udalak igerilekuko tabernaren kudeaketa emateko deialdia egin du. Udalak gaztigatu duenez, kontratu hori esleitzeko baldintzak ezartzen dituzten pleguak interesdunen eskura dago udaletxean eta irurtzun.eus webgunean. Eskaintza aurkezteko epea maiatzaren 27ko 14:00etan bukatuko da.
