Astekaria

Bertsozaleen topagunea

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko maiatzaren 13a

2025eko Sakanako Bertsolari Eguneko une bat; parkean bertsotan. ARTXIBOA

Maiatzaren 16an, larunbata, Sakanako Bertsolarien Eguna izanen da, Irurtzunen.

Maiatzaren 16an ospatuko dute bertsolariek eta bertsozaleek haien eguna, Irurtzunen; bigarren Sakanako Bertsolari Eguna antolatu dute egun horretarako, eta aurreko edizioan bezala bi egitarau egonen dira, haurrendako bata eta helduendako bestea. Hala ere, egitarauek tarteka bat eginen dutela azaldu du Saats Karasatorre bertsolariak, bertso eskolako irakasleak eta bertso eguneko antolakuntzako kideak GUAIXE IRRATIAn egindako elkarrizketan. 

2025-2026 ikasturtean bost bertso eskola daude Sakanan: Altsasun bat, Etxarri Aranatzen bat, Lakuntzan bi (Lehen Hezkuntzako bat eta DBHko bat) eta Irurtzunen bat. Aurten bertso eskolak plazara atera dituzte, eta jantziago dauden bertsolariekin saioak antolatu dituzte. Saio horietan parte hartu duten bertsolari gazte gehienak Altsasuko eta Lakuntzako bertso eskolako zaharrenak izan direla esan du Karasatorrek. "Saioetan oso giro polita sortu da, uste dut formatuarekin asmatu dugula. Bertsolariak ere pozik zeuden". Jendea ere gerturatu da saioetara. 

Ikasturtea amaitzen ari dela, maiatzaren 16an, larunbata, Sakanako Bertsolari Eguna antolatu dute. Bigarren edizioa izanen da, baina aurretik, Etxarri Aranatzen, Bertsolari Txikien Eguna antolatu zuten, "eskaintza hori bertsozaleei orokorrean eskaintzea eta zabaltzea erabaki genuen". Eta horrela sortu zen Bertsolari Eguna. Lehenengo edizioa Lakuntzan ospatu zuten, eta aurten bezala egun osoko egitaraua antolatu zuten. 

Haurrendako eta helduendako bertsolaritzarekin zerikusia duten mota guztietako ekimenak izanen dira Irurtzunen maiatzaren 16an; goizean hasi eta "nahi duenak" eguna luzatzeko aukera izanen duela esan du bertsolariak. Bazkariarako aurretik txartelak hartu behar dira (maiatzaren 10ean amaitzen zen epea); bestela, ekimenak irekiak izanen dira eta jendeak ez du zertan guztietan parte hartu behar: "Uste dut adin tarte eta gustu guztietarako aukera dagoela". 

Eguna 

"Bertsolari Eguna Irurtzunen da eskertza eta aitortza moduan; sekulako lana egiten ari dira"

Irurtzun aukeratu dute "aldarrikapen, eskertza eta aitortza" moduan, "sekulako lana egiten ari dira". Baina mugikortasun aldetik "baldintzatzen" zuela aitortu du Karasatorrek, beraz, gaztetxoendako autobusa jarri dute. "Beraiendako ere berezia izan daiteke autobusean joatea, elkarrekin". Bertsoaren inguruan sortzen diren harremanak goraipatu ditu bertsolariak: "Ikasketetan elkartu aurretik herri desberdinetako gaztetxoak elkartzen dira bertsoaren inguruan eta euskaraz. Oso esanguratsua iruditzen zait". 

Autobusa 10:30ean abiatuko da Altsasutik eta 11:00ak aldera helduko da Irurtzunera; 11:30ean hasiko dira ezagutza jolasak, herriko plazan, eta 12:00etan Scape Rooma antolatu dute Atakondoan; bertsolari gaztetxoak ikastetxean sartuko dituzte eta jokoen bidez irteera aurkitu beharko dute: "Egunaren oinarrian dagoena bertsoa da, eta scape roomean ere izango da, baina ez da bakarra izango; beste erronka eta buruhauste batzuk izango dituzte". "Lan karga"dela, baina oso polita gelditzen ari dela esan du Karasatorrek: "Sekulako taldea dago prestatzen. Begirale bezala ere hiru lagun elkartu edo engainatu ditut". Irurtzungo bertso eskolako komunitatea ere laguntzen ari dela gaineratu du. 

13:00etan Sakanako gaztetxoen eskolarteko saioa izanen da, eta une honetan bi egitarauak elkartuko dira eta helduen egitarauari hasiera emanen diote. 14:00etan haurrak bazkaltzera joanen dira, eta helduak Irurtzungo musika eskolako trikitilariek girotutako bermuta izanen dute, 15:00ak arte; bertso bazkariaren unea izanen da. Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi bertsolariak ariko dira bertsotan. 

Ondoren, 18:15ean, bertso-poteo kalejira izanen da Julio Soto, Kattin Madariaga eta Eneko Lazkoz bertsolariekin. Haur eta helduendako ekimena izanen da eta poteo "berezia" dela kontuan hartuta, "beste toki batzuetatik ere mugituko gara; parkeak...". Eguna amaitzeko haurrendako merendola izanen da Pikuxar elkartean, eta DJ Boletus Rumberus emanaldia helduendako. "Aurreko urtea oso polita atera zen; espero dugu eguraldiaren laguntza izatea".