Astekaria

1.150 txirrindulari inguruk Irurtzun beteko dute La Peluso erronka osatzeko

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 8a

Irurtzungo kaleak txirrindulariz beteko dira maiatzaren 9an.

Ibilbide luze eta ertaineko San Migueleko igoeraren alde egin dute gehienek

Maiatzaren 9an 8:30ean hasiko da VI. La Peluso martxa zikloturista. Hiru ibilbideak batera abiatuko dira plazatik. La Peluso Cycling-eko Santi Moreno antolatzaileak esan duenez, "1.150 txirrindularik eman dute izena, kopuru ederra". 

Txirrindulari trebeak dira Irurtzunera etortzen direnak. "Gehienek ibilbide luzearen alde egin dute, 560 inguruk; 410ek ibilbide ertaina aukeratu dute, eta gutxienek, 170 inguruk, ibilbide laburra". Hiru ibilbideek Goñi aldera jotzen dute hasieran, buelta hartu, eta laburrenak (87 km) Zuarrarrate eta Madotz igo eta Larraunen buelta egiten du. Ertainak (110 km) eta handiak (155 km) Uharte Arakileraino heltzen dira, Aralarko San Miguelera igotzeko, pistatik. Igoera kronometratu egingo da. "Ia 1.000 txirrindulari inguru ikusiko ditugu San Miguelera igotzen. Ikusgarria izango da" gaineratu du Morenok. Gero Larraun eta Leitzaldean barrena itzuli ezberdina egingo dute.

La Peluso proba solidarioa da. Aurten izena emateetan jasotako %10 Nafarroako txirrindularitza eskoletara bideratuko du. Bestalde, probak 1987ko Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko ditu, irteeran. 

Morenok azken gomendioa egin die txirrindulariei: "gogotsu etor daitezela eta ongi pasa dezatela". Beste guztiaz antolakuntza arduratuko da.